Santa Barbarako ur-parkea “gehienez 75 haurrek” erabili ahalko dute aldi berean.
Astelehen honetan, uztailak 6, zabalduko da Arrasateko ur parkea, “75 haurreko gehienezko edukierarekin. Sorosle bat egongo da segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko. Kartel bat egongo da bertan aforo kopuruarekin eta beharrezko informazioarekin”.
Guztira 21 ur joko ditu parkeak, adin desberdinetarako diseinatu direnak. “Pultsadore baten bitartez pizten dira, erabiltzen direnean bakarrik aktibatzeko eta urik ez xahutzeko”.

Gainera, joko eremuko zoladura “prestatuta dago irristadak edo erorketak saihesteko. Parkera sarrera doakoa izango da, beste haur parkeen antzera”.
Ur jokoez gain, berdeguneak eta hiri altzariak ere baditu parkeak, “familiarentzako eta aisialdirako toki eroso bat eratzeko helburuarekin”. Otorduak egiteko mahai gune bat eta eserlekuak daude, esaterako.
“Ur parkea biztanle guztientzat irisgarria izan dadin, gurpil-aulkidun erabiltzaileen parke sarrerarako 2 metroko zabalera daukaten bideak egin dira. Ur jokoen gunea eta hiriko altzariak ere desgaitasunak dituzten pertsonetara egokituta daude”.