Argazkia, bideoa eta testua: Assata.
Oasia da Assataren disko berria, Dantzatu, madarikatuok! (2019) lanean abiatutako dantzarako musikan are gehiago sakontzen duena, eta jendarte bezala bizi dugun garaiari eta dantzan jartzen gaituen sistemari, oraindik eta zorrotzago begiratzen diona.
Oraingoan ere, Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute Iñaki Bengoarekin (Gose, Bad F-Line) elkarlanean. Diseinuaz Unai Bergara (Lubaki Grafik Faktory) arduratu da, eta bideogintza eta argazkigintzan Dosis ekoiztetxeko Jey Knight eta Txus Veneno aritu dira.
Diskoaren edizio fisikoa, Arrasateko Irati tabernan, eta gaurtik igandera arte ospatzen den Durangoko Azokan, Musika Zuzenean stand-ean, dago eskuragarri. Digitalean berriz, interneteko ohiko plataforma digitaletan.
Horrez gain, larunbatean, abenduaren 10ean 12:00etan aurkeztuko dute zuzenean diskoa Durangoko Azokan, Plateruenan dagoen Ahotsenea gunean.
Abesti zerrenda:
1. Pluralean dantzatu
2. Kontuz, banpiroak!
3. Lehia
4. Jackie Shane
5. Gentleman
6. Norbait izan nahian
7. Munstroa
8. Opio berriak
Diskoaren 8 abestietan zehar, hainbat kolaborazio aurkitu daitezke. Iraitz Agirre (Ain_1), Andoni Iñurritegi “Pottoko” (Never Surrender) eta Katya Martin ahotsetan, eta haize sekzioan, Marina Garmendia, Jurgi Iraola, eta Peru Atxa.
Kolaboratzaileekin jarraituz, Oihan Zubizarretak egin ditu diskoko azal eta liburuxkako aktore lanak, eta bera da ere, Maria Blanco, Lide Galdos, Laura Bueno, Inesa Ugalde, Endika Ruiz de Samaniego, Julia Zamora eta Jon Etxebarriarekin batera, Pluralean dantzatu bideoklipeko protagonista.




