Senide, lagun eta bestelako herrikide ugarik hartu dute parte Bengoa tabernaren kanpoaldean, eta aurresku, txalaparta, grafiti, hitzartze eta gainerakoak egin dira. Gainera, Bengoa tabernak bere ateak berrireki ditu egun batez agurrerako.

Agurra atzo arratsaldean egin zen Bengoa tabernaren kanpoaldean, Seber Altuben, eta herrikide ugari elkartu ziren.

Agurrari hasiera emateko, adarraren jotzea eta txalaparta izan ziren, baita txistulariei jarraiki, ohorezko aurreskua ere, eta lora eskaintza.

Agurra ‘Gatxi’k aurkeztu eta gidatu zuen, “heriotzak eta agurrak elkartuta”ko ekitaldian. Heriotzaren inguruan baieztatu zuen “jaiotzen garenetik gauza ziur bakarra dela hilko garela”, nahiz eta oraindik “tabu edo erdi-tabua den”.

“Gogorra egiten zaigu, eta are gogorragoa pertsona gaztea eta bapatean hiltzen denean. Hori guztia Asier Bengoarekin gertatu da”.

“Kultura batzuetan esaten da ‘que la muerte es parte de la vida’ baina nik uste horretan hemen ez dugula sinesten. Pertsona bat hiltzen zaigunean, joan da”.

‘Gatxik’ agurrak ere hizpide izan zituen, kontuan hartuta “garrantzitsua dela hildako pertsona bati agur egokia egitea, pertsona horrekin partekatuko dugun azkena izango delako”.
Gainera “bizitza duinak heriotza duina eskatzen du”. Horrela, Gatxik eskerrak eman zizkien “Axier elizatik ez pasatzea erabaki dutenei. Ez da elizaren aurkako ezer, nik bikain deritzot pertsona sinesdun bati agurra parrokian egitea, aita adibidez aurtengo martxoan hil da, bera sinestuna zen eta agurra elizan egitea oso ondo deritzot”. Ordea, oraindik “agur zibila egiteko ez dago ezer, hutsune handi bat dago”.
Gatxik ere baloratu zuen Axi garaian amnistiaren aldeko mugimenduan jardun zuela, eta horregatik ere agurrean txaloak jaso zituen. Agurra egitearen arrazoietako bat “dolua batera arintzea” izan zen.
Familiaren izenean, Jaime Bengoa Madina ‘Gomix’ek hitzartze hunkigarri bat egin zuen, eta gauza bera egin zuen ‘Guti’k lagunen izenean.
Agurrak minutu bateko isilunea egin zuen, Axik norberari suposatu dionaren inguruan hausnartzeko. Hortaz gain, Ibai sortzaileak ‘Axi’ren omenezko grafiti bat egin zuen, herrikideek txalo artean hartu zutena.
Azkenik, Bengoa taberna berrireki zen atzorako bakarrik, eta saiheskia plazan erre eta banatu zen jendartean. Agur hunkigarria, parte-hartzailea eta jendetsua.










