Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak antolatuta, aurreko domekan ‘Parke Tour’ ekitaldia egin zen zenbait haur-parketan.
Bigarren argazkia: HGA.
Izan ere, “Arrasaten parte-hartze prozesu bat egon da, Udalak hala deituta, Aprendicesko jolasgunearen diseinua aukeratzeko, baina benetako parte-hartze bat bestelakoa izan behar da”:
“Arrasateko eragile ezberdinek ere parte hartu behar dute, eta ondo legoke umeen (subjektu aktiboak diren heinean) iritziak ere jasotzea, ez soilik prozesuaren amaieran”.

Izan ere, “ez da nahikoa Udalak diseinuaren 5 irudi jartzea eta umeek horietatik 1 aukeratzea. Baizik eta umeek prozesua bera bizi behar dute, eta eurek ulertzea jolasgune bateko elementuak (ume bakoitzaren gustukoak izateaz gain) taldearen gustukoak izan behar dutela”.
Horretarako, aurreko domekan Arrasateko zenbait jolasgune ezberdin aztertu zituzten, ‘Parke Tour’ ekitaldian. Ekitaldian neskatila-mutikoek bertan jolastu zuten eta ekitaldiaren amaieran “umeek bizitakotik, eta beste leku batzuetako ereduak ezagutu ostean, jolasgune bat eraiki” zuten “elkarren artean eta familian”.
Izan ere, ekitaldiaren ideia nagusietako bat izan zen “sorkuntzan parte hartzea”. “Betiere Naturako elementuekin sortutako haur-parkeak egiteko”. Bide honetan, Asanbladak mozio bat aurkeztu zuen Udalbatzarrean herenegun.

Izan ere, orain arte Arrasaten egindako azken jolasguneek “eredu berdinari jarraitzen diote, denak plastikodunak eta kautxodunak dira, kolore biziak dituzte, eta umea bakarrik jolastera bideratuta daude, ez taldeka”. Hainbat herritar Asanbladarekin harremanetan jarri izan dira adierazteko haur-parke hauetan “natur elementurik ez daudela”.
Horregatik, ekitaldian “umeekin eta familiekin hori aztertu dugu, talde anitza garelarik”. Lagun mordoxka bat elkartu zen ekitaldian eta “Udalari hau guztia ikusarazi nahi diogu. Ideia ez da ekitaldi puntual hau egitera mugatzea, azken finean, helburu dugu Arrasateko esparru denetan bermatzea”.

Ekitaldiaren deialdiak eskatu zuen parte-hartzaileek bizikletan, patinetean,… bertaratzera “haur-parkeetako irisgarritasuna erraza ez dela ohartzeko. Espaloiak estuak dira eta bidegorri falta nabarmena da gurpildun garraiobide Ez motorizatuak segurtasunez herritik mugitu ahal izateko”.
Kontuan hartzekoa da “haurrek egunerokotasunean ibilgailu hauek erabiltzen dituztela”. Ildo honetan, “umeentzat egokituta ez dagoena, ez dago inorentzat egokiturik. Gurpildun aulkiko erabiltzaileak zailtasunak ditu. Ekitaldiaren helburua izan da umeek bizipenetatik bizitzea”.