ART-ren XXII. Garagardo Azoka eta Ohiko Batzar Orokorra atzeratu egingo dira “normaltasuna berreskuratu arte”

0
988

Testua eta argazkia: Arrasate Errugbi Taldea.

Urtero legez, Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Orokorra egin beharra zeukan maiatzean, Covid-19ak eragindako osasun krisiak, baina, hitzordua atzeratzea behartu du.  Klub zuri-moretik jakinarazi dutenez, batzarra “normaltasuna berreskuratzean” egingo da, horretarako oraindik data zehatzik finkatu ez dutela.  


“Euskadiko Errugbi Federazioa gure egoera berdinean dago, maiatzean ere egiten baitu Ohiko Batzar Orokorra”, jakinarazi du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ane Aguirrek.  Buruzagi zuri-moreak gaineratzen duenez, “asmoa da gure batzarra Euskadiko Federaziorenaren ostean egitea, 15 egun beranduago edo, bertan jorratzen diren hainbat gaik gure klubean eragina baitaukate”.

Garagardo Azoka airean

Ohiko Batzar Orokorrarekin gertatu bezala, Arrasate Errugbi Taldea ere XXII. Garagardo Azoka atzeratzera behartuta aurkitu da Covid-19aren krisiaren ondorioz.  Momentuz, ekimena antolatzeaz arduratzen den batzordeak ez du erabaki ekimena bertan behera uztea, eta irailean antolatzearen aukera esku artean baldin badaukate ere, “bizitzen ari garen osasun egoerak izango du azken hitza”, dio Agirrek.  Gaineratzen duenez, “azken erabakia hartzeko beste aspektu batzuk izan beharko ditugu kontuan ere, egoera ekonomikoa eta ostalariena, edo hilabete horretan herrian zer beste nolako ekimenak dauden, esaterako”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen