Arratsaldeko 20:00ak arte jostailuak entregatu ahal izango dira jostailu truke merkaturako

0
328

Santa Marinako ludotekaren aurrean 17:45tik 18:45ra egongo dira, eta Arimazubi plazan 19:00etatik 20:00etara.

Udako jostailuak trukatzeko merkatua ere antolatu du aurten Txatxilipurdik. Jostailuak biltzeko egun bakarra gaur arratsaldean da, beraz, argi ibiltzea komeni da. Arrasateko gune ezberdinetatik pasatuko da Txatxilipurdiko furgoneta jostailuak biltzen. Seber Altuben egon ondoren, Santa Marinako ludotekaren aurrean 17:45tik 18:45ra egongo dira, eta Arimazubi plazan 19:00etatik 20:00etara.

Jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte, zenbat jostailu hainbeste txartel. Txartel horiekin, Ekainaren 4an, ostirala, jasotako jostailuen artean beste batzuk aukeratzeko beta egongo da.

Indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez. Bestalde, sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko. Eta nola ez, jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira.

Ekainaren 4an Monterrongo parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko dituzte eta trukea aurrera eramango dute. Bertan, jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dute. 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo dira, eta segurtasun neurriak bermatuz, nahi duen orok parte hartzeko aukera izango du.

Segurtasun neurriak betetzea norbere ardurapean egongo da, nahiz eta Txatxilipurdik hidrogela eskaini eta materiala desinfektatua eramango duen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen