Arrasaten Korrikaren lehen batzordea bilduko da urtarrilaren 13an

0
1675

24. Korrikaren edizioa 2026ko martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik, eta Euskal Herria zeharkatu ondoren, martxoaren 29an iritsiko da Bilbora. Ekimena antolatzeko aurretiazko lanek herriz herriko antolaketa eskatzen dute, eta testuinguru horretan, Arrasaten urtarrilaren 13an lehen bilera irekia egingo da.

    Korrika batzordearen lehen deialdia 2026ko urtarrilaren 13an, asteartea, 18:00etan izango da, Kulturateko Loramendi gelan. Bilera herritar guztiei irekita dago, eta bertan 24. Korrikaren nondik norakoak azalduko dira, baita Arrasaten aurreikusitako ekintzak ere. “Euskal Herria zeharkatzea posible izan dadin, ehunka pertsonak lan itzela egiten dugu aurretiaz” azpimarratu dute batzordetik.

    “Zeu ere parte hartzeko asmotan bazabiltza, gaurko gutun honen bidez gurekin bat egiteko eskatzera gatozkizu; benetan pozgarria izango litzateke zu bertara etortzea”.

    Topaketan, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituzte antolatzaileek, eta parte-hartzaileek bestelako ekimenak proposatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, bilerara joateak ez du aurretiazko konpromisorik eskatzen, eta bakoitzak bere aukeren arabera erabakiko du nolako ekarpena egin dezakeen. “Nondik norakoak eta gure herrian zer egingo den ezagutzeko modua izango duzu, eta, horrela, prest egonez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzeko parada ere bai” adierazi dute batzordetik.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen