Arrasateko Udalak mendi ibilaldiak eskainiko ditu udako turismo eskaintzan

0
440

Arrasateko Udalak mendi irteera gidatuak antolatu ditu udako turismo eskaintzaren barruan. Eskaintza zabalik dago adin guztietako pertsonentzat, baita familian egitekoak ere.

3 mendi irteera hilabete bakoitzeko

Uztailaren 7an, domeka, izangio da lehen mendi irteera. Ibilbide honetan PR-Gi 205 Anporretako bira, burdinaren bidea egingo da. Bide hasieran ezagutuko dira mineral garbitokia zegoen ingurua eta hezegunea, eta gorago, gerra zibileko lubakiak.

Uztailaren 14ean, domeka, Kurtzetxikiko bira egingo da. Ibilbide hau Kurtzetxiki (531 m) tontorrera igotzen da mendiari bira emanez, Bedoña eta Asuela auzoetatik igarota.

Hilabetearekin amaitzeko, uztailaren 21ean, domeka, Murugainera irteera egingo da. Ibilbide honetan PR-Gi 206 Murugain, dragoiaren bidetik ibilbidea egingo da. Gerra Zibileko lubakiak eta burdin aroko herrixkaren arrastoak ikusiko dira.

Abuztuan 4ean, Gongetako meatzeak bisitatuko dira, antzinako burdin meatzeak. Ondoren Besaidera igo eta hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua bisitatuko da, Araba, Bizkia eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokia.

Abuztuaren 18an, Udalatx mendiari emango zaio bira. Bidean, Besaide, Santa Luzia ermita eta Galarragako koba ingurua bisitatuko dira.

Hilabetearekin amaitzeko, abuztuaren 25ean, Udala-Besaide-Tellamendi ibilbidea egingo da. Udala auzotik ateratzen den ibilbide hau, Besaidetik igaro eta Tellamendi tontorrera igotzen da.

Irailaren 8an, Arrasate eta Bergara arteko muga den Irutontorreta ezagutzeko aukera izango da. Ibilbide hau Meatzerreka auzotik eta San Migel baselizatik pasatuz Bergarako Irutontorreta (621 m) mendira igoko da, hemendik San Prudentziora jaitsi eta Etxezarretan zehar berriro ere Arrasatera itzuliz. Aukera dago ibilbidea moztu eta San Prudentzioko bus geltokian bukatzeko (12,5 km).

Irailaren 15ean, Arrasate Arantzazurekin lotzen duen PR-Gi 106 egingo da, Arrasateko erromesek Arantzazura joateko erabiltzen dutena. Bidean Larriño, Urkulu, Urrexola eta Arrikrutz inguruak ikusiko dira. Ibilbidea Arantzazun bukatuko da.

Hilabetearekin eta udako egitarauarekin amaitzeko, Hartzaren Urratsa ibilbideraen zati berri bat egingo da. Hain zuzen, GR 289-aren hirugarren etapa egingo da, Arrasaten hasi eta Gatzagan bukatuko dena. Bidea Bedoña auzotik, Urkulu urtegitik, Mendiola eta Bolibar auzoetatik eta Aizorrotz tontorretik pasako da. Ibilbidea laburtzeko aukera egongo da, Eskoriatzan amaituz (12,5 km).

Bestelako ekintzak

Bestelako ekintza zabalak jaso dira udako turismo eskaintza honetan. Besteak beste, Udazabaleko kultura eskaintza (Mondra&Roll, Arrasate Blues…), auzoetako jaiak (Zerrajera, Santa Marina, Maala, Ferrerias, Udala, Uribarri edota Zarugalde), azokak edota kirol lehiaketak.

Izen emateak

Mendi ibilaldiak doakoak izango dira, eta izena eman beharko da izenemateak.arrasate.eus atarian, BAZen edota  943 25 20 00 edo 619 48 57 67 telefonoetan.

Deskargatu hemen Udako Turismo Eskaintzaren liburuxka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen