Arrasateko Udalak Kurtzetxiki mendiaren kudeaketaren hitzarmena berretsi du Larragain elkartearekin

1
860
udala

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB Artxiboa.

Arrasateko Udalak, herriko ingurumen naturala mantentzeko duen konpromisoa berretsiz, hitzarmena berritu du Larragain elkartearekin, Kurtzetxiki mendian kontserbazio lanak egin eta ingurumen baliabideak sustatzeko. Udalak adierazi duenez, “pandemia garaian nabarmen areagotu da eremuaren erabilera, hortaz, ezinbestekoa da mendiaren kontserbazioan aurrera pausuak ematea eta ingurumen-berreskurapena lortzea, mendiak dituen baliabide ingurugirokoak, kulturalak, paisajistikoak eta aisialdi aktiboa sustatzen dutenak guztion eskura egon daitezen.”

Hitzarmenaren bidez, larrean ibiltzeko sistema erregulatu nahi da Kurtzetxiki mendian, zehazki goiko aldean dagoen bazkalekuan edo etorkizunean ezarri daitekeen eremuan. Helburua da larrean ibiltzea mendiaren kontserbazioarekin eta mendia hobetzearekin bateragarria den moduan egitea, betiere Gipuzkoako lurraldearen mendiei eta ganadu kudeaketari buruz ezarrita dauden neurriak jarraituz eta lehen sektorea sustatuz. “Gure inguruko nekazari eta abeltzainei baliabideak eman behar dizkiegu lehen sektorea indartzeko, kontuan izanik lehentasuna dela ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa.” Arrasateko Udalak 6.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko.

Larragain Elkarteak helburu du Arrasateko ganaduzaleak Kurtzetxiki mendiko eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste Larre Publikoak elkarlanean kudeatzea; baita, ganaduzaleak eta Udalak elkarlanean, Larre Publikoen Kudeaketa plana adostu, larreen hobekuntza bultzatu eta Arrasateko lehen sektorea indartzea. Taldeko larratze erregimenean abereen identifikazioa gauzatu eta indarrean dauden osasun eta abereen mugimendurako arauak betetzea.

Arrasateko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean aztertu du zein den abelburu kopuru egokiena Kurtzetxikiko larreak modu jasangarrian aprobetxatzeko gehieneko kopurua hurrengoa litzateke: apirilaren 1etik urriaren 31ra 25-30 buru larri (behiak eta behorrak) eta azaroaren 1etik abenduaren 31ra 120 buruko artaldea.

2021ean, Arrasateko 7 abeltzainek izango dute euren ganadua Kurtzetxikin, 2020an bezala:

  • Sabino Llodiok apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behor.
  • Juan Jose Iturbek azaroaren 1etik abenduaren 31ra 75 ardi.
  • Aitor Murgoitiok apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • Aitor Aranak apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • Jesus Garaik apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi.
  • J.M. Plazaolak apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 5 behi/behor.
  • Maria Pilar Ibabek apirilaren 1etik urriaren 31 bitarte 3 behi.

Udalak adierazi duenez, “oso aberasgarria da udal larreen kudeaketaren hitzarmenari esker abeltzainak eta Udala elkarlarean aritzea, izan ere, lehen sektorearen partaidetza ezinbestekoa da gure ingurunearen zaintzan eta gure mendien mantenuan.”

Iruzkin 1

  1. Ez dakit zergatik pagatu behar dioten/gun diru publikoarekin Kurtzetxiko paisai naturala eta kulturala izorratzeagatik: Hemengoa ez den belarra erein dute, XIX mendeko gotorlekua ezabatu zuten, lubanak, harrizko hormak ere suntsitu. Larra berreskuratu beharrean belardi artifizial bat sortu. Badirudi gainera txalotu egin behar ditugula bai udala eta bai elkarte hori. Patetikoa, ez dut ulertzen nola ez diren lotsatzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen