Arrasateko Udalak 19 langabe kontratatu ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin

0
945

Irailean abian jarritako 2021-22 Enplegua Sustatzeko Planaren esparruan, eta 2020-21eko herritarren brigaden esperientzia pilotuari jarraipena emanez, Arrasateko Udalak 19 langabe kontratatu ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin. 347.277,32 € erabiliko dira kontratazio horiek egiteko: “Ekimenaren helburua langabetuen laneratzea bultzatzea eta erraztea da, udalerriko garapen ekonomiko eta soziala sustatuz enplegu-aukerak eskainiz. Arrasatear Udalak enplegua sustatzearen aldeko apustuan jarraitzen du, pertsona ahulenen alde egiten saiatuz”.

19 kontratu horietatik, 17 langabeei gorde zaizkie oro har; horietatik 6 kaleko laguntza-brigadari dagozkio, 4 naturaguneak mantentzeko brigadari, 3 lorezaintza indartzeko brigadari eta 4 eraikinak garbitzeko errefortzu-brigadari. Kontratu horiek guztiek 5 hilabeteko iraupena dute. Sexuen arabera, 10 emakume eta 7 gizon daude; horietatik 6 55 urtetik gorakoak dira, eta 3 DSBEaren titularrak edo onuradunak. 17 kontratu horien kostuak estaltzeko behar den aurrekontua 257.166,13 €-koa da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Arrasateko Udalak finantzatua. Jarraian, brigada horietako bakoitzaren ezaugarriak eta funtzioak deskribatzen dira:


-Kaleko laguntza-taldea (6 kontratu): herritarrei informazioa ematea, herritarrei arreta ematea, aisialdiko eremuetan herritarrei informazioa ematea, hiri-altzariek udal- zerbitzuetan duten egoerari buruzko informazioa ematea, udal-dokumentuak eramatea (zirkularrak, bandoak, etab.), ikastetxeetako haurrei hainbat jardueratara laguntzea (kiroldegia, liburutegia, cultura…), haurrei laguntzea eskolara bidean dauden
oinezkoentzako pasabideetan.

  • Naturguneak mantentzeko brigada (4 kontratu): ibaien ertzak garbitzea eta landare inbaditzaileen hedapena mugatzea. Bide naturalen sarea eta naturguneen mantentze-lanak. Funtzioak: pilatutako zaborra ateratzea, landare inbaditzaileak kontrolatzea, zuhaitzak landatzea eta inaustea, landa-gunean lurrak moztea, bide naturalen sarea mantentzea, baratze-parkea mantentzea.
  • Lorezaintza indartzeko brigada (3 kontratu): lorategien mantentze-lanak indartzeko
  • lanak, zuhaitzak landatzea, etab.
  • Eraikinak garbitzeko errefortzu-brigada (4 kontratu): Covid-19ak eragindako garbiketa-behar puntual berriei aurre egitea. Funtzioak: udal-eraikinen garbiketa bereziak.
  • Gainera, Udaltzaingorako informatikako laguntzaile bat kontratatu da tresna informatiko bat ezartzeko eta Udal Euskaltegirako beste teknikari bat, Moodle plataformaren kudeaketa lanak egiteko. Bi kasuetan, kontratuen iraupena 12 hilabetekoa izango da, 2021eko azaroaren 30etik 2022ko azaroaren 29ra, biak lanaldi osokoak. Bi emakume hautatu dira, programak eskatzen duen bezala, 30 urtetik beherakoak direnak eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenak. Bi lanpostuen kostua 90.111,19 eurokoa da, % 51 Lanbidek finantzatzen du eta gainerako % 49 Arrasateko Udalak. Ekimenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso du, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez, ‘Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du’ lelopean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen