Arrasateko txalaparta festa irailaren 30ean ospatuko da

0
728

Ttakun txalaparta taldearen 30 urtetako belaunaldiak batuko ditu eguneko egitarauak.

Testua, argazkiak eta kartela: Arrasateko Ttakun Txalaparta taldea.

Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak 30 urte bete ditu aurten eta programazio bereziarekin ospatuko ditu “30 urtez enbor beretik”’ lelopean. Hainbat ekimen egin ditu urtean zehar: Iturrieta Sagardotegian Txotxparta, txalaparta ikastaroa, Udalatxera igoera… Eta bukatzeko, irailaren 30ean txalaparta festa ospatuko da Arrasateko kaleetan zehar. Egun osoko egitaraua izango da eta helburu nagusia 30 urteetan txalapartarekin harremana izan duten belaunaldi guztiak elkartzea da. 30 urteetako ibilbidean ikastaroetan parte hartu duten 500 arrasatearrak gonbidatu nahi dituzte jaiarekin gozatzera eta egunean parte hartzera. Arratsaldeko saioetan belaunaldi guztietako partaideek hartuko dute parte eta gonbidatu nagusia KIMU taldea izango da.

Egitaraua:

IRAILAK 27 / HITZALDIA

Ttakun aplikazioa”ren aurkezpena Soinuenearen eskutik.
18:30 Kulturaten (Jokin Zaitegi gelan)

IRAILAK 30 / TXALAPARTA FESTA

  • 11:00 Diana Goikobalu, Altamira eta San Kristobaletik.
  • 12:00 Tailer herrikoia eta saio libreak Herriko Plazan.
  • 13:00 Irrintzilarien erakustaldia Herriko Plazan.
  • 14:30 Herri Bazkaria Jaizale elkartean / 20€
    Izena emateko: https://forms.gle/NKhebvjwAyKPCmPn8
  • 17:30 30 urtez enbor beretik kalejira (txalaparta saioak tabernetan)
  • 17:30 Taupan 2013/2023 uzta
  • 18:00 Iluntzen 2003/2013 uzta
  • 18:30 Iratin 1993/2003 uzta
  • 19:00 Arrasaten 1993 aurreko uzta
  • 20:00 Herriko plazan eguneko gonbidatu berezia KIMU

30 urtetako ibilbidea

Hastapenak 1986ko Punk mugimenduan

1986an Bilboko alde zaharreko gaztetxe okupatu berrian hasi ziren txalaparta ikasten Igone Kazalis lekeitiarra eta Kepa Altube arrasatearra. Txalaparta ikastaroan ezagutu ziren eta Bilboko gaztetxeko txalaparta taldean parte hartzen hasi ziren ikastaroak eta saioak non-nahi emanez. Garai hartan txalaparta ezohiko instrumentua zen eta jende gehienak ez zuen ezagutzen. 

1993an Ttakun taldea eratzetik talde izaera izatera

1993. urtean eratu zen taldea eta ordutik jende ugari ibili da herrian txalaparta jotzen, ikasitakoak irakatsiz eta lekukoa gazteagoei utziz. Ordutik, 30 urte igaro dira eta kontaezinak dira eskainitako saioak, izandako lokalak, emandako ikastaroak, beste musikariekin (alboka, gaitero, pandero, perkusio, trikitilari eta gainontzeko taldeak) hartu-emanak eta modu batera edo bestera taldearen ondoan izan direnak. Euskal Herriko txalaparta festa guztietara joaten ziren Arrasateko txalapartariak eta aktiboki parte hartzen zuten: Iruña, Hernani, Araia, Urretxu, Algorta, Sestao…

500 txalapartari inguru ikastaroetan

Arrasateko lehen txalaparta ikastaroa 1990ean eman zen Gazte Bulego ondoko eraikinean; lokal hau bihurtu zen txalapartarien lehen lokala. Lehen urteetako parte hartzea izugarria izan zen, lehen urtean 45 pertsonak parte hartu zuten eta bigarrenenean 65ek. Gazte kuadrila asko hasi ziren hurbiltzen ikastaroetara eta txalapartaren mundura. Ordutik ikastaroak San Isidron, Gaztetxean, Monterronen eta Kulturolan eman izan dira.

Emanaldiak eta kolaborazioak

Hainbat emanaldi motatan jo izan dute Arrasateko txalapartariek. Adibidez, Arrasateko Gurea gaztetxean RIP eta MCDren kontzertu baten eta baita Maurizia eta Fasioren emanaldi batean Arrigorriagan. 1991n Hertzainak taldearekin kolaboratu zuten “564” abestian txalaparta doinuak sartuz. Txalaparta taldeak ere hasieratik parte hartu zuen Errementari dantza eta Txerri dantzaren sorreran, biak oso ilusionagarriak. Honetaz gain, hainbat musika proiektutan parte hartu zuten, horien artean Ekon taldearekin zuzeneko batzuk jo zituzten. Euskal Herritik kanpo ere jo izan dute: adibidez,  Errioxan, Huescan, Leonen, Herrera de la Manchan, Burgosen, Fresnesen, Berlinen…

2013ean Ttakunkide sortzetik ekimen berriak abiatzera

2013an taldea indartzeko Ttakunkide figura sortu zen, taldea indartzeko eta egonkortzeko. Talde bezala funtzionatzea zen helburu nagusia eta azkar eman zituen fruituak. 2013an Arrasateko lehen txalaparta festa antolatu zen, oso hunkigarria izan zen, egun osoko egitaraua: herriko plazan saio libreak, bazkaria, albokariak, bertsolariak eta Euskal Herritik etorritako hainbat txalapartari batu ziren arrasatear ugarirekin batera. Urtez urte errepikatu da festa herrian eta 2018an ekintza berezi bat batu zitzaion festari: 2016an botatako Arbolapetako gaztainondoarekin egindako txalaparta aurkeztu zuten 2018an Arbolapetan bertan. 2014an Mendiparta ekimen berria sortu zen herritarrekin batera txalaparta mendi gailurretara eramateko. Lehen gailurra Udalatxekoa izan zen eta 50 pertsonatik gora hartu zuten parte; ordutik beste mendi batzuk ere izan dira ekimenaren lekukoak: Kurtzetxiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain, Muru… 2015ean Txotxparta ekimen berria ere sortu zen txalaparta sagardotegira (txalapartaren sustraietara) eramateko herritarrekin batera; ordutik urtero burutu da ekimen hau inguruko sagardotegietara joanez.

Aurrera begira

Lekukoa emanez eginiko ibilbide bat da Ttakun txalaparta taldeak eginiko bidea, modu naturalean buruturiko ariketa, 30 urteko iraupen eta garapenaren giltza. Aurrera begira hori izango da erronka nagusia, belaunaldi berriei erakutsi eta Euskal herriko altxorra dugun txalapartaz gozatuko duten belaunaldi gazteak erakartzea, txalaparta beraiena eginez eta beraien bide propioetatik landu dezaten. Ttakun txalaparta taldetik eskerrak eman nahi dizkiete 30 urte hauetan taldekide izan diren hamarnaka kideei eta ikastaroetan parte hartu duten ehundaka lagunei; beraiek gabe hau guztia ez litzakelako posible izango. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolaturiko ekimenetan parte hartzera. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen