Arrasateko Lined taldeak ‘Soulcrifice’ aurkeztuko du zapatuan Gaztetxean

0
1571

Bideoa: A. Elgezua Producciones Audiovisuales / Argazkia: Lined.

Taldeak iazko udaberrian argitaratu zuen bigarren diskoa, ‘Soulcrifice’, baina pandemiaren ondorioz, orain gutxira arte ezin izan du kontzerturik eman.

Hala ere, pozik daude orain arteko zabalkundearekin, Ruben bateria joleak azaldu izan digun bezala. Izan ere, “taldekide batek taberna bat du Arrasaten eta disko etxeak online bidez salmenta kopuru nahiko ona egin izan dugu”.

Gainera, Valentziako disko etxe honek “elkarrizketa kopuru dezente lortu dizkigu, eta promozio ona egin digu”.

Jarraitzaileei bigarren disko hau ere “gustatu zaie eta horretan asko lagundu digu bideoklip bat egiteak. Kontuan hartzekoa da konfinamenduan jendeak sare sozialak gehiagotan begiratzen dituela”.

Hala ere, Rubenek baieztatu izan digun bezala, “guk nahiago dugu gure musika kontzertuetan zabaltzea”. Bigarren diskoaren lehen kontzertua emateko “zain egon gara, covid-aren inguruko baldintzak noiz hobetuko, baina ikusi dugu arazoak luzera joko duela”.

Horregatik “erabaki dugu, publikoa eserita egon arren, kontzertuak behingoagatik ematea”. Emanaldi hauekin “erritmoa hartu nahi dugu, eta horrela, pandemia gaindituko denean, kontzertuak egiteko prest izango gara”.

Konfinamendu garai hauek “soinuarekin probak egiteko baliatu ditugu. Monitoreak belarrian jarri ditugu, eta nahi ditugun nahasketak aukeratzen ditugu. Bestela, monitore hauek kontzertuetan zoruan eta nahiko saturatuta egoten dira”.

Kontuan hartzekoa da ere “aurreko diskotik denbora nahiko luzea eman dugula kontzertu bat eskaini barik. Horregatik orain garrantzitsua da erritmoa berreskuratzea”.

Disko etxeak eskaini zien “iazko irailean, konfinamendua baino lehen, atzerriko taldeen bira amaieran jotzea Frantzian eta Portugalen”.

Orain arte Eibarren eta Oñatin aurkeztu dute lan berria, eta zapatuan Arrasateko Gaztetxean arituko dira. “Gogotsu gaude kontzertu hori ere emateko, izan ere, gustuko dugu lehen kontzertuetako bat lagunartean jotzea, giro erosoagoa da”.

Jarraitzaileak ere kontzertu ‘gose’ dira: “Musika zale askok urte erdi inguru daramate kontzertu batera joan ezinik, eta guri hemen zuzenekoa ematea eskatu izan digute”. “Musika zaleak animatzen ditugu Gaztetxera bertara daitezela. Neurri guztiak hartuko dira”.

Kontzertua arratsaldeko 18:00etan izango da, eta AGAKOk azaldu du sarrerak lortzeko zenbakia 652710820 dela. Aupa Lined! Egurre!

Lined Facebooken

Lined Instagramen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen