Gutxienez 19 terraza berrireki ahal izan dira, bezero ugari erakarriz

0
6317

Terrazak ireki dituzte segurtasun neurriak hartuta, eta eguraldiak lagun. Horren adibide bat 1990 Gastroteka da. Horretarako, aurrez lan batzuk egin behar izan dituzte: “zerotik hastea bezalakoa izan da, gauza berri ugari bete behar direlako”. Hainbat bezero terraza erabiltzen hasi dira goizetik.

Ondokoak dira gaur goiz-erdierdian terraza ireki ahal izan duten hainbat taberna:

  • 1990 Gastroteka
  • Arimazubi
  • Bertiz
  • Buenuena
  • Corinto
  • Doke
  • Egaska
  • Goxo-goxua
  • Iratzeder
  • Itsaslur
  • Kajoi
  • Kimetz
  • Lizarra
  • Meneta
  • Okoretegi
  • Ogi Berri San Andres
  • Piscis
  • Zeppelin
  • Zuk Nahi

Taupa tabernak printzipioz gaur arratsaldean irekiko ditu ateak, eta Taxka gauza bera egitekoa da bihar.

“Bi hilabete hauek oso luze egin zaizkigu – adierazi digu 1990 Gastrotekako Aitziber Jauregik, jabeetako batek – batez ere ez delako informazio nahikorik eta garbirik adierazi”.

Egoera horretan “kezkatzen zaitu zure geroak, zure langileen geroak, eta buruari buelta ugari ematen dizkiozu. Gogorrenak konfinamenduko lehen 15 egunak izan ziren”.

1990 Gastrotekan, bi jabeez gain, 13 langilek dihardute, eta beraz “familia ugarik negozio honetatik jaten dute, erantzukizun handia da”.

Gaur azkenik terraza behintzat irekia ahal izan du, eta horretarako “aurrez lan batzuk egin behar izan ditugu. Oso gogorrak izan dira, zerotik hastea bezalakoa izan da, gauza berri ugari bete behar direlako”.

Zentzu honetan, “oraingo egoeran ezin zara soilik zure bezeroengatik kezkatu, zure buruagatik ere kezkatu behar duzu, ezin zarelako gaixotu adibidez”.

Jatetxe eta tabenei ezarri zaien “protokoloa oso estriktoa da, baina azken unera arte ez dute protokoloa xehetasunak zehaztu. Ondorioz, ahalegindu gara jakin genekienarekin ahalik eta estriktoenak izaten”.

Testuinguru honetan “kontuan hartu behar dira ere langileen eskubideak, batzuek ERTEan jarraitu nahi zuten, baina seguruenik ERTEa amaituko da, eta ondorioz lanera itzuli beharra dago. Guk lantalde hau familia bezala kontsideratzen dugu”.

1990 Gastrotekako terrazan manparak jarri dituzte “lehen ere erabiltzen genituen, Euskal Herriko klimagatik batez ere, eta orain baliagarriak zaizkigu ere bezeroen arteko 2 metroko distantzia errespetatzeko, eurak babesteko eta guk arauak betetzeko”.

Hortaz gain, egungo egoeran bezero bakoitzak ontziteria bat erabiltzen du, “ontzi ahalik eta ekologikoenak eta seguruenik bezeroentzako. Horrela, bezeroak adibidez edalontzi bat erabiltzen badu, kontsumitzen amaitzerakoan edalontzia zakarrontzira botatzen da”.

Taberna-jatetxearen barrualdea ere “prest daukagu bigarren faserako, %30eko aforoa baldintzarekin. Ondo bidean, 2. fasera igaroko gara, eta orduan bezeroek jatetxeetan eserita egon beharko dute”.

1990 Gastrotekak gaur goizean berrireki du terraza, eta bezero ugari erakarri ditu. “Ez genuen hainbeste espero, baina ikusten denez bezeroak oso gogotsu zeuden berriro terrazetan zerbait hartzeko”.

“Gaur etorri direnak gure ohiko bezero ugari dira, eta hemen ondoko ospitaleko langileak ere gogotsu izango dira seguruenik ospitaleko lau hormetatik irteteko eta aire librean zerbait lasai hartzeko. Beraz, zerbitzu seguru bat ematen ari gatzaie”.

1990 Gastrotekak adierazi du Eroso ekimenarekin lan egingo duela: “Herriarentzat oso garrantzitsua da gazte talde batek konfinamendu egoera honetan bertako tabernekin, jatetxeekin eta dendekin elkarlanean aritzea”.

“Herritarrak animatuko nituzke falta zen zerbitzu hori erabiltzera, gu beraiekin buru-belarri gabiltza, gazteak dira eta beraz lagundu behar zaie. Gainera, herrikoak bertakoak dira. Zentzu honetan, 1990 Gastroteka beti saiatu da hemengo produktuekin lan egiten”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen