Arrasateko ikasleek Agenda Eskola 2030 programaren baitan egindako lana aurkeztu dute osoko bilkuran

0
1772

Atzo Arrasateko Udaleko osoko bilkura aretoan hitzordu berezia izan zen. Herriko ikastetxe guztietako ordezkari gisa bertaratu ziren ikasleek ikasturtean zehar Agenda Eskola 2030 programaren barruan egindako lana aurkeztu zuten udal ordezkarien aurrean. Aurten, Garapen Jasangarrirako Helburuen artean 15. helburua landu dute: lurreko ekosistemen bizitza.

Ikasturtean zehar, ikasleek herriko basoak, berdeguneak eta kaleak aztertzen jarraitu dute , ingurumenarekin eta gizartearekin lotutako hainbat erronka identifikatuz. Udal osoko bilkuran ez dituzte proposamen berriak aurkeztu; horren ordez, urtean zehar adostutako ekintza-planaren baitan egindako jarduerak, lortutako emaitzak eta bizitako esperientziak partekatu dituzte.

Era berean, iaz udalari helarazitako proposamenen jarraipena ere egin dute. Azaldu dutenez, proposamenetako batzuk martxan jarri dira edo bideratzen ari dira, baina beste batzuk oraindik gauzatu gabe daude.

Ikasleen aurkezpenaren ostean, udal ordezkariek egindako lana txalotu zuten. Alkateak eskerrak eman zizkien erakutsitako konpromisoagatik eta etorkizunean udalaren beste parte-hartze prozesu batzuetan ere parte hartzera animatu zituen; besteak beste, Monterron parkearen etorkizunari buruz laster abiatuko den parte-hartze prozesuan.

Ekitaldiak agerian utzi zuen gazteek ingurumenaren zaintzarekiko eta herriaren etorkizunarekiko duten konpromisoa. Agenda Eskola 2030 programaren bidez, Arrasate jasangarriago baten aldeko hausnarketa eta ekintza sustatzen jarraitzen dute, hezkuntza eta parte-hartzea oinarri hartuta.

Jarraian, ikasleek osoko bilkuran aurkeztutako lana ikus dezakezue.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen