Arrasateko etxebizitzetan energia fotovoltaikoaren instalazioa bultzatzeko informazio kanpaina jarri du martxan Udalak

3
166

SHREC ekimen europarraren baitan, helburua da Arrasateko etxebizitzetan energia berriztagarria sortzeko instalazioen inguruan herritarrak sentsibilizatu eta gaiaren inguruko informazio zuzen eta gardena eskaintzea.

Testua: Arrasateko Udala.

Trantsizio energetikoaren aldeko apustuan eta energia berriztagarrietara jauzia emateko bideari helduta, 2019az geroztik Arrasatek SHREC – Shifting toward Renewable Energy for transition to low Carbon energy – izeneko proiektu europarren baitan egiten du lan. Proiektu hori Interreg Europe programaren barruan garatzen da eta karbono monoxido baxuko eredu energetikorako trantsizioa bultzatzen du bai enpresetan, auzo-komunitateetan edo etxebizitza partikularretan ere.

Proiektu hori aurrera eramateko, Arrasateko Udala etengabe ari da laneaneta joan den urtarrilean proiektu honi dagokion talde motorra osatu ostean, oraingoan herriko etxebizitzetan energia berriztagarrien ezarpena sustatzeko kanpaina bat jarri berri du martxan, hain zuzen energia fotovoltaikoaren ekoizpenaren bidean herritarrak sentsibilizatu eta informazio praktikoa eskaintzeko, modu horretara Arrasatek trantsizio energetikoaren bidean urratsak egiten jarrai dezan.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “udal politika publikoetan iraunkortasunaren ikuspegia, toki garapena eta hiri-erakargarritasuna uztartzen dituen bidetik aurrera egiten jarraitzea dutela helburu. Arrasateko herrian ere eraldaketa ekologikoari bidea eman behar diogu, energia berriztagarriak sustatuz eta karbono oina murriztuz. Ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorra egitea, beti ere, kontutan izanda bide hori trantsiziozko eredu justu batean jorratu behar dela. Eraldaketa era partekatuan burutzeko, herritarrari baliabideak eta informazioa eskaini nahi diogu”.

Horretarako, ACEDE-Cluster del Electrodomestico de Euskadi (H-Enea LivingLab)rekin batera gida praktiko bat prestatu du Udalak, autokontsumorako dauden aukeren, energia berriztagarrien instalaziorako diru-laguntzen edota hobarien inguruko informazioarekin, besteak beste. “Trantsizio energetikoaren bidean jauzia emateko garaian, ezinbestekoa da guztiok bat egitea eta horretarako gaiarekiko sentsibilizazioa eta informazio gardena izatea guztiz garrantzitsua da. Hori da, hain zuzen, ekimen honen helburu nagusia, herritarrek dauden aukera guztiak ezagutzea eta aukera horiek dakartzan aukera baina baita konpromisoak ezagutzea ere”, azaldu dute Udaletik.

Udalaren asmoa da gida horren inguruko azalpenak emateko saio presentziala antolatzea, betiere segurtasun neurriak bermatuta Covid-19aren aurrean. Egungo egoera dela eta aurrez-aurreko saiorik egin ezin bada, streaming bidezko saioa eskainiko du herritarrentzat, interesa duen orok parte hartu eta ekimenaren berri jaso dezan. Edozein kasutan, aurkezpenaren data aurrerago jakinaraziko du. Ildo beretik, egunotan gaiaren inguruko esku-orri batere banatu da etxebizitza guztietan, oinarrizko informazioarekin. Gida eskuragarri dago www.arrasate.eus -en:https://www.arrasate.eus/eu/shrec/gida-energia-fotovoltaikoa-arrasateko-etxebizitzetan

Gaur egun, Arrasatez gain, SHREC proiektua Europako beste 7 erakundek osatzen dute: 3 unibertsitate – Lituaniako Vilnius Gediminas Unibertsitatea, Herbehereetako Zientzia Aplikatuen Hanze Unibertsitatea eta Suediako MidSweeden Unibertsitatea –  Gobernu mailako 3 energia-agentzia – Eslovakiako berrikuntza- eta energia-agentzia, Frantziako AuvergneRhone-Alpeen ingurumen- eta energia-agentzia eta Errumaniako Munteniako iparraldeko eskualdeko garapen-agentzia – eta eskualdeko gobernu bat – Italiako Piamonte eskualdea.

Aipatu, hurrengo urratsak “Fotovoltaikoak Etxean” egitasmo honetan, D2030 Plataformak lideratuko dituela, instalazioak era pilotuan Arrasateko eta eskualdeko bizilagunen erkidegoetan.Arrasateko Udalak parte hartzen jarraitu du ekimen honetan,  D2030 Plataformako kide moduan.

3 IRUZKIN

  1. Beti bezala arazoen aurrean (atzoko ur mozketa adibidez) ixilik, eta ahal duen gauza on guztietatik “medallitak” jartzen. Proiektu hau “como anillo al dedo” etortzen zaie bere aurpegia garbitzeko. Europako izen arrarodun proiektu baten parte hartu, atzerriko eragile ospetxu batzuekin… abanguardian gaudela emateko. Gustatuko litzaidake jakitea erreditu politikoa ateratzeko argazkian dauden 2 politiko horiek, benetan zenbat sartu diren gaian, zenbat bilera egin dituzten etb. Edo zer iritzi duten AHTaren eta Errauskailuaren inguruan?
    Iraunkortasun ikuspegia eta politikak txertatzeko ehundaka aukera dituzue egunero martxan jarri ahal direnak… adibidez mako-obrarik eta dirutza bat gastatu gabe bidegorriak egitea herrian.

  2. Hauxe da nik ulertu dudana honetatik: udalak ekintza konkretu batzuek egingo dituela Europako egitasmo bateko partaide izanda (erreka garbitu, herritarrok fotoboltaikoak jar ditzagun animatzeko panfleto bat atera eta banatu, bide gorri batzuek seinalizatu). Hortik aparte egitasmoaren barruan ospatuko diren bileratan parte hartzeko honako tokietara joango dala norbait udaletik : Eslovakia, Lituania, Italia, Frantzia, Suedia eta Errumania. Eta horretarako eta egitasmoaren liderrari fakturak ondo aurkeztu ahal izateko 144.000€ jasoko dituela eta beste 20.000€ inguru jarri. Hori guztia gure inpuestoetatik ateratako diruarekin aterata egingo ez balitz bezala, egitasmoaren eraginkortasunari buruz ez da ezer azaltzen, ez behintzat Arrasateri egingo dion ekarpenari buruz. Europako egitasmo hauek bidaia agentziak direla ematen du (beharbada orain online egingo dituzte eta horrenbeste baliabide ez xautu eta hegazkin kutsatzaile eta hotel handien beharrik ez dute izango). Ander ados nago zurekin, ez litzateke hobe neurtzea zenbat baliabide natural xautuko den ekobulebarra egiten adibidez? Zenbat ur beharko den, zenbat elektrizitate, zenbat kutsatuko den, zenbat zemento behar den, zenbat animalia eta landare apurtuko diren… Ez dakit ba.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen