Arrasateko Emakume Txokoak 18 ikastaro antolatu ditu emakumeen jabetze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko

0
430

Otsailetik maiatzera bitarteko 18 ikastaroen helburua da lanketa pertsonal eta kolektiboaren bidez emakumeak ahalduntzea eta elkarren arteko sareak jostea.

Ikastaroez gain, berdintasuna sustatzeko hainbat ekimen antolatu ditu Emakume Txokoak herrian: bertso saioa, erakusketak, dokumentalen proiekzioa, kabareta, hitzaldiak…

Otsailaren 1etik 5era eman daiteke izena ikastaroetan Emakume Txokoan aurrez-aurre, 943 79 41 39 telefonora deituta edo 618 206 233 zenbakira Whatsapp bat bidaliz. 

Arrasateko Emakume Txokoak 18 ikastaro antolatu ditu otsailetik maiatzera bitarte Jabetze Eskolaren bidez. Helburu du emakumeak euren eskubideen jabe egitea eta elkarren arteko sareak sortzea.

Pandemiaren eraginaren baitan, Jabetze Eskolak elkar zaintza eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu.

Errealitatearen inguruan ikuspegi feministatik hausnartu eta eragiteko, prestakuntza da Jabetze Eskolan ardatz nagusietakoa. Horretarako, lanketa pertsonal zein kolektiboa uztartzen duten jarduera sorta antolatu du Emakume Txokoak otsailetik maiatzera bitarte.

Lan ildo nagusiak

Hiru lan ildo nagusi jorratuko dira ikastaro berrietan: osasuna eta gorputza; aisialdia, kultura eta sormena eta feminismoa(k).

Osasuna eta gorputzaren barruan honakoak dira antolatutako ikastaroak: boxeoa, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Chi Kung, zaindu zure gorputza; osasuna, zaintza emozionala eta jabetzea, gure gorputzak despatriarkalizatuz, eta doluan laguntzeko tailerra.

Aisialdia, kultura eta sormenari dagokionez, berriz, bost ikastaro antolatu dira: antzerki tailerra, sare eta teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa, eguneroko finantzak kudeatzeko ikastaroa, alpargata tailerra eta mendian ere geure buruaren jabe ikastaroa.

Feminismoa(k) lan ildoaren baitan, ikastaro hauek antolatu ditu Emakume Txokoak: eztabaida feministak (terapia versus politika), feminismoa guztiontzat, genero ondoezak eta emakumeen aurkako indarkeria, irakurketa feministen txokoa, topalekua emakume migratuentzat (hainbat tailer eskainiko dira gune honetan), eta Bidez Bide elkartearen bidez aholkularitza eskainiko da emakume atzerritarrentzat titulu homologazioari buruz.

Berdintasuna sustatzeko ekimenak

Hiru lan ildo horiez gain, hainbat ekimen antolatu ditu Emakume Txokoak berdintasuna sustatu eta eztabaida feministak kaleratzeko helburuarekin: bertso saioa, erakusketak, dokumentalen emanaldiak, hitzaldiak, kabareta… Emakume Txokoak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu parte hartzera.

Izen ematea

Otsailaren 1etik 5era eman daiteke izena ikastaroetan Emakume Txokoan aurrez-aurre astelehenetik ostegunera 10:30-13:30 eta 15:00-18:00 eta ostiraletan 10:00-14:00, 943 79 41 39 telefonora deituta edo 618 206 233 zenbakira Whatsapp bat bidaliz. Otsailaren 8tik 12ra bitarte jakinarazi beharko da ikastaroetan parte hartuko den ala ez.

Ikastaro batzuk doakoak dira, eta beste batzuk ordainpekoak. Ikastaro edo tailerren informazio gehiagorako, edo aholkularitza jasotzeko, deitu edo idatzi aurrez aipatutako zenbakietara edo bertaratu Emakume Txokora.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen