Hirugarrenez Arrasate Blues jaialdiaz gozatzeko aukera izan dugu gurean. Aurten emakumea izan da protagonista; artista bikainak ikusi eta entzuteaz gain, kalitatezko sormena dastatu ahal izan dugu. Eta guztia Ibai Arte Merkatari Elkarteak bultzatu eta antolatua. Tokiko merkataritzaren balioa azpimarratuz, Arrasaterekin duten konpromisoa erakutsiz. Eskerrik asko Ibai-Arte.
Are garrantzitsuagoa izan da aurten, Covid-19ak eragindako pandemiaren aurrean, kulturaren aldeko apustua berretsiz. Euskal Herria Plaza, Jokin Zaitegi, Arotz plaza, Arbolapeta, Portaloia… herriko txokoak hartu ditu bluesak, eta saretu gaitu arrasatearrok.
Eta aitortzarentzat ere egon da unea. Goikobalu abesbatza eta Arrasate Musikalen laguntzarekin Jesusi Etxeberriak jaso zuen merezitako omenaldia, musika hauspotu eta belaunaldiz-belaunaldi transmititzeagatik. Gure kulturak eta, bereziki, bertan murgilduta dauden herritarrek egiten dute Arrasate herri bizi.
Laguntzen eta babesten jarraituko dugun ekimena, ezbairik gabe. Mila esker Ibai Arteko kideei, ostalariei, artistei… eta bereziki arrasatear guztiei erakutsi duten harreragatik. Arrasate Bluesen taupadak inoiz baino indartsuago jo du asteburu honetan, eta jarraituko du egiten.