Arrasatearrak Winnipegen. Pablo Nerudaren hitzetan, «Nire poema ederrena»

0
424

Laster Intxorta 1937 kultur elkarteak Josu Chuecak idatzitakoa, ‘2000 del Winnipeg. Diario de a bordo’ liburua argitaratuko dugu. Ontzian idatzitako jatorrizko egunkariarekin.

Testua eta argazkiak: Intxorta 1937.

[Goiko argazkian: eskumatik Tatxo Amilibia, eta bi arrasatear (Ricardo Ceciaga eta Pedro Gallastegi) Udalatxen 1936ko neguan]

Bidaian idatzitako egunkariaren faksimilearekin batera, zuzendutako pasarteen zerrenda, handituta eta osatuta dago. Intxorta 1937ko partaideok, Winnipeg-ekin dugun harreman bikoitza aurkezten dugu, Txilen elkarrizketatu genituen bi pertsonekin. Batetik, bidaia prestatzen zuzenean parte hartu zuen Sunti Amilibiarekin (Txileko Santiagon 2006an egindako elkarrizketa) eta, bestetik, Agnes América Winnipeg Alonso Bolladarekin, ibilbidean zehar ontzian jaiotako neskatoarekin (2016an Viña del Mar-en egindako elkarrizketa).

Goiko argazkian: Ricardoren ziurtagiria Nerudak sinatuta.

“Esperantzaren itsasontzian”, ezaguna izan zen bezala, hiru arrasatear izan ziren bidaiari, Jaime Uriarte Cestona (bidaian trebatu zen Euskal Abesbatzan ahotsa jarri zuen), Fernando Uribesalgo Icaran eta Rogelio Izarra Ijalba, biak ala biak irakasle, Argeles-sur-Mer kontzentrazio-eremuan preso lehenengo eta Gürs-en gero. Handik Txilera eraman zituzten 1939ko uztailaren 31n. Horrela eraman zituen Winnipegek kontzentrazio-esparru frantsesetatik askatasunera, Txileko Valparaiso porturaino.

Goiko argazkian: Rafael Ceciaga Txileren Legazioko langile Parisen.

Ricardo Ceciaga Lasagabaster mondrautarra ere itsasontzi honen bidaia prestatzen aritu zen, Parisko Txileko Kontsulatuan, Pablo Nerudarekin. Saint Cyprien-go kontzentrazio-esparruan preso, bere lagun Tatxo Amilibia (1934ko Urriaren ondoren preso hartutako arrasatearren abokatua), 1939ko maiatzaz geroztik ordezkaritza horretan Immigrazio Zerbitzuko idazkari gisa lan egiten zuena, hara eraman dut bere arreba Sunti Amilibiarekin batera. Hala jasotzen du 2006an Txileko Santiagon egindako elkarrizketa batek:

“Tatxok deitu zigun Ricardori eta neuri Parisa etortzeko, Txileko Legazioan lan egin genezan. Ekainean izeko Victoriarekin batera bizitzen hasi ginen apartamentu txiki batean, Rue Roussel-en, Garaipen Arkutik gertu, logela bakarra zuena. Ricardo eta biok laguntzera joan ginen Legazioaren immigrazio bulegoan pilatzen ari ziren eskutitzei erantzuteko. Jende hura jota zegoen, etsita, oraindik ere kontzentrazio-eremuetan bizi baitzen, eta, informazioa txarto jasotzearen ondorioz, eskutitzak bidaltzen zituzten Legaziora eta ez Erbesteratuen Zerbitzura. Txilek espainiar erbesteratuentzat kupo bat ireki zuenean, langile espezializatuak edo nekazariak bidaltzeko eskatze zuen. Ez zuen gura profesionalik, ez ingeniaririk, ez medikurik, eta are gutxiago literatorikm ere; Winnipeg itsasontzirako eskaerak galbahetu zituen SERE zerbitzuak.
Parisen, Winnipeg itsasontzia antolatzen ari zirela, ezagutu nituen Pablo Neruda eta haren bigarren emaztea Delia del Carril, emakume argentinar handi hura, poetaz maitemindu zena eta oinarri izan zena jenio adigabe eta moderno batentzat, zeinaren poesia hasiera batean kostatu egiten zitzaidan aitortzea. Ezagutu nituen ere Rafael Alberti eta haren emaztea, eta maila txikiagoko idazle batzuk…

Goiko argazkian: ezkerretik hasita hirugarrena, bigarren lerroan, Jaime Uriarte Cestona.

Ni hasi nintzen makina idazten Legazioan. Ez nintzen mekanografo profesionala, Carmen modukoa, Nerudaren idazkari pribatuaren emaztea, zeinak aho zabalik utzi ninduen, baina nik abantaila bat nuen beste mekanografo batzuen aldean: idazten nekien. Ez zen beharrezkoa niri eskutitzak diktatzea. Ricardok azpimarratzen zizkidan, gutun patetiko haietatik, datuak, helbideak eta gainetiko xehetasunak. Bikote ona egin genuen, eta ehunka eskutitz bideratu genituen: espero dut jende hari lagundu izana konponbide egingarriak bilatzen”.

Gero, alemaniarrak Parisen sartu zirenean, Tatxo eta Ricardo Bordeleko Txileko Kontsulatura aldatu ziren Immigrazio Zerbitzuko idazkari gisa, Marseillan, Alsinan ontziratu arte, Argentinaraino. Hilabete batzuk lehenago, Sunti, Aurignyn ontzian sartu zen Buenos Aireseraino. Ricardo eta Tatxo ez ziren gehiago euskal lurraldera itzuli.

Goiko argazkian: azken lerroan, ezkerretik hasita lehena, Rogelio Izarra Ijalba irakaslea.

Intxorta 1937 kultur elkarteak argitaratutako liburuen 26. zenbakia duen liburu hau, Arrasaten aurkeztuko da laster, 2021eko abenduaren 2an, Kulturaten, arratsaldeko sei eta erdietan, Durangoko Azokara eraman baino lehen, Elkarren standetan egongo baita.

Aurkezpen horretan Josu Chueca Intxusta idazleak eta Txorbela Otxoteak hartuko dute parte, Winnipegeko euskal abesbatzak bidaian abesten dituen bi abesti abestuko dituzte: Ilunabarra eta Gona Gorria eta Eresoinka euskal erbesteko taldearen beste bat, Itxasoan.

intxorta.org

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen