Arrasate Zientzia Elkarteak 900dik gora argazki partekatu ditu Instagramekin

0
1478

Elkarte honetako Alfonso Donnay arduratzen da egunero-egunero argazki historikoak argitaratzeaz. “Argazkiak Arrasaten zentratuta daude, eta XIX. mendearen eta 80. hamarkadaren artekoak dira gutxi gorabehera”.

Beheko argazkiak eta testua: Arrasate Zientzia Elkartetik.

Instagrameko kontu honek 900 argitalpen baino gehiago ditu. 900 argazkiak Arrasaten zentratuta daude, eta XIX. mendearen eta 80. hamarkada inguruaren artekoak dira.

Mendia artxiboa. Digitalizazioa: Arrasate ZientziaElkartea/JV2014

900 argazkiak egunero-egunero argitaratu dira, atseden hartu barik. Horrenbestez, bi urte eta erdi daramatzagu argitaratzen. Beraz, bilduma nahikoa erakargarria lortu dugu, ikustekoa izan dadin, batez ere jende gaztearentzat. Facebookeko orrialde bat ere badugu, eta bertan partekatzen ditugu Instagramen argitaratutako argazkiak.

Instagrameko kontu honek 780 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta Facebookekoak 700dik gora.

Argazki kopuru itzela dago, eta bisibilitate handiagoa emateko erreminta da honako hau.

Eta dena azaltzearren, badugu ere blog bat non artikulu teknikoagoak argitaratzen ditugun. Gure indusketak azaltzen ditugu, Arrasateko pertsonai historiak, Vasco-Navarro trena, herriko bitxikeriak, urtero antolatutako hitzaldi zikloak, eta abar. Halaber, webgune bat egiteko lanak abian daude.

Mendia artxiboa. Digitalizazioa: Arrasate ZientziaElkartea/JV2014

Instagrameko kontu honen ezaugarri berezietako bat zera da: ikusgai jartze ditugun argazki guztiak aurrez argitaratu izan direla. Aurrez Arrasateri buruz idatzitako liburu ugaritan argitaratuak, prentsako artikuluetan, hainbat blogetan (adibidez Josemari Velez de Mendizabalen blogetan), beste formatu digital batzuetan, adibidez Kutxatekan, Eusko Ikaskuntzan, Gure Gipuzkoan eta abar. Kontu honen beste iturri garrantzitsu bat Arrasate Press aldizkaria da, lehen Arrasateko Udalak argitaratzen zuena.

Guk asmo dugu aurrez argitaratutako argazki hauei aukera berri bat ematea. Jende gehiagorengana heldu daitezen.

Saiatzen gara argazki bakoitzarekin azalpen txiki bat argitaratzea, argazkia editatu zen testuingurua aipatuz, eta jakiten badugu, argazkia argitaratu zen urtea eta egilea zehazten ditugu. Argazkilarien artean noski gureak, Arrasatekoak, nabarmentzen dira (Valeriano Martinez, Laso, Jose Mari Lasagabaster ‘Bentxes’, Epelde, Valero, Puerto,…).

Beste kasuren batean, argazkiak lehen aldiz argitaratuak dira, eta AZEren artxiboarenak dira, aurrez herriko jendeak dohaintzan emandakoak. Guk argazki horiek eskaneatzen ditugu eta gordetzen ditugu ondare hau gal ez dadin.

Gero argitara ematen ditugu dohaintza egin dutenen baimenarekin, eta hala partekatzen ditugu argazkiok ikusi gura dituzten guztiekin. Ulertzen dugu argazki hauek guztionak direla.

Argazki bakoitzarekin ahalegintzen gara Arrasateko historiaren une txikiak erakusten:

Herria nola aldatzen joan den, Industriak zer-nolako garrantzia izan duen (Zerrajeratik hasita kooperatibak arte), Hezkuntzak (Viteri eskoletatik hasita, Aprendizen Eskola, hezkuntza erlijiosoa, hezkuntza errepublikan, Irakaskuntza publikoa, ikastolak, Eskola Profesionala…), Jaiek (Sanjoanak, Aratusteak, Euskal Jaiak, San Isidro…), erlijioak, musikak, emakumeek, baserriek, eguneroko bizitzak (Portaloiko solasaldiak, txikiteoa, azoka…), auzoek, txangoek, eta abar. Azken finean Arrasateko bizitza.

AZEren Instagrama

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen