Arrasate Musikalen 50 urteetako 100 kide batera ariko dira, Urretxo eta Arzamendi zuzendari

0
608

Kontzertu handia abenduaren 17an izango da Uarkapen. Lehengo eta oraingo ikasleak elkarrekin joko dute, tartean Alberto Urretxo tronboilariak. Lehenago, azaroaren 19an, Santa Zeziliaren harira, AM Banda zuzenean ariko da San Frantziskon.

Argazkia: MB artxiboa.

Santa Zeziliaren harira, aste honetan bertan, Arrasate Musikaleko Bandak kontzertua emango du domekan, azaroak 19.

Ekitaldia herritar guztientzat zabalik egongo da, eta ohiko hitzordu hau San Frantzisko elizan izango da eguerdiko 12:30ean.

Era berean, AMren 50. urteurrena biribiltzeko, abenduaren 17an (domeka), beste kontzertu handi bat ospatuko da Uarkapen:

Arrasate Musikalek 100 pertsona inguru elkartuko ditu, eta kontzertuko une batzuetan guztiek batera joko dute.

Horretarako, mende erdi honetan ikasle aritutako lagun ugari batuko ditu, eta gainera goi mailako bi zuzendari izango dituzte:

Unai Urretxo arrasatearra, besteak beste, Hego Korean orkestra eta opera zuzendaria, eta Beatriz Arzamendi arrasatearra, tartean, konposatzaile eta Madrilgo Udaleko Musika Liburutegiko Ganbera Orkestrako biolinista nagusia.

Azpimarratzekoa da ere Alberto Urretxo tronboilari arrasatearrak kontzertuan parte hartuko duela, hain zuzen, Euskadi Brasseko zuzendaria eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlaria.

Arrasate Musikalek aurreikusten du kontzertu hunkigarria izango dela, eta datorren astelehenean, azaroaren 20an, sarrerak erosgai jartzen hasiko da. Sarrerak erosgai izango dira bai musika-eskolan baita zenbait tabernatan ere.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen