Ekainean bi hitzordu egongo dira, hilaren 20an eta 27an, Arrasate historikoa eta Arrasateko seme kuttunak ezagutzeko, eta uztailean eta abuztuan larunbatero eta igandero eskainiko dira bisita gidatuak, 11:00etan euskaraz eta 12:30tan gazteleraz. Irailerako ere turismo eskaintza zabala aurreikusten da.
Tokian tokiko ondarea balioan jartzea ezinbestekoa da bizi dugun egoeran, eta Arrasateko Udalak, Debagoieneko mankomunitatearekin elkarlanean, herriak eskaintzen dituen baliabide historiko eta naturalak ezagutzeko, eta baita turismoa sustatzeko ere, bisita gidatuak antolatu ditu. Hirugarren urtez eskainiko dira jarduera turistikoak, aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita.
Momentuz udako hilabeteetarako bisita gidatuak ezagutarazi dituzte Udalak eta Debagoiena mankomunitateak, baina urte guztian zehar mantenduko dira. Saio guztiak bi hizkuntzatan emango dira, 11:00etan euskaraz eta 12:30etan gazteleraz, eta aurrez eman beharko da izena arrasate.eus/ezagutu webgunean.
Egoerak baimentzen duenez, lehen hitzorduak ekainaren 20an eta 27an izango dira: Arrasate historikoaren sekretuak ezagutu ahal izango dira lehen datan, eta, bigarrenean, Arrasateko seme kuttunenen bizipenetan murgiltzeko aukera izango da (Esteban de Garibay eta Pedro de Viteri). Uztailean eta abuztuan larunbatero ezagutu ahal izango dira Arrasateko historiaren pasarte garrantzitsuenak historiaurretik aro berrira arte, eta igandeetan bestelako bisita gidatuak eskainiko dira. Irailerako ere aurreikusten dira turismo jarduerak.
Turismo eskaintza zabala
Ekainean hasiko diren bisita gidatuek jarraipena izango dute udako hilabeteetan. Kalitatezko turismo eskaintza prestatu du Arrasateko Udalak, Debagoiena mankomunitatearekin elkarlanean, herriko ondarea ezagutarazteko.
Uztailaren 5ean Bedoñako altxor ezkutuetara egingo da bisita Arrasate Zientzia Elkartearen eskutik, eta ondoren auzoko txakolina dastatzeko aukera emango da. Hitzordua 11:00etan hasiko da, Bedoña auzoan. Uztailaren 12an, berriz, Murugain mendi inguruari bira antolatu dute goizeko 9:00etan, udalerriko ondare naturala balioan jartzeko eta, tontorrera igo gabe, bide berriak ezagutzeko. Uztailaren 19an Gongetako meatzeak, zehazki Udalatx magaleko meatzea bisitatuko da, eta handik ateratzen zen mineral preziatuaren inguruan gehiago ikasteko aukera izango da. Uztaileko azken igandean, 26an, Arrasateko ondare industriala izango da protagonista, eta industrializazioak eragindako iraultza urbanistikoaren berri emango da bisita gidatuan, goizeko 11:00etan.
Abuztuan ere igandero antolatuko dira jarduera turistikoak. Hilaren 2an, Udala Besaidera egingo da bisita goizeko 9:00etan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako muga ezagutzeko. Abuztuaren 9an, Arrasateko erromesek amabirjinaren jaia ospatzeko Arantzazura joateko erabili ohi zuten bidean ibilaldia antolatu dute, 8:00etan. Abuztuaren 16an ere beste ibilaldi bat egingo da Urkuluko urtegira: Arrasatetik Bedoñara, Larriño auzotik pasatu eta Urkuluko urtegira, handik Aretxabaletara joateko. Abuztuaren 23an Arrasateko altzairua ezagutzeko aukera izango da, Arrasaten altzairu preziatua ekoiztu baita mendeetan, oso ezaguna mundu guztian, gaur egungo industriaren aitzindaria izan zena.
Irailerako ere badaude bi ekimen turistiko: 19an Arrasateko historia ezagutzeko bisita gidatua egingo da 11:00etan, eta 27an Murugain mendira joateko aukera izango da Dragoiaren bidetik, kondaira eta historia batzen dituen ibilbidea eginez, goizeko 9:00etan.
Udalak adierazi duenez, “ekimen hauen helburua Arrasatek eta inguruko txokoek duten balioa ezagutzera ematea da, baita bertako turismoa indartzea ere”.