E.H.-an Sortua (Made In Basque Country) Streaming Edition taldeak Arkada Social, Brigade Loco, Rotten XIII eta The Guilty Brigade taldeen emanaldiak aurkeztuko ditu ekainaren 6an Gasteizko areto beretik.
Konfinamenduan zehar hainbat musikari eta DJak streaming bidez euren etxeetatik eskaini ostean, Gasteizko Jimmy Jazzak bere ateak irekiko ditu berriro zuzeneko musika entzun dadin. Deseskalada fase honetan, streaming jaialdi txiki bat eskainiko digu aretoak, Arkada Social, Brigade Loco, Rotten XIII eta The Guilty Brigade taldeekin.
Ekainaren 6a, larunbata, izango da eguna, eta punk rock doinuen zale amorratuek doan gozatu ahal izango dute euren etxeetatik 17: 00etatik aurrera musika maratoi batez, generoko lau euskal talde nabarmenen eskutik. Jaialdia doakoa izango da, baina sektoreko hainbat profesional jasaten ari diren egoera zaila arintzeko ekarpen ekonomikoak egin ahal izango dira: kasu honetan, bildutako dirua Hala Bedi, Jimmy Jazz Gasteiz, jardunaldi horretan lan egiten duten teknikariak eta parte hartzen duten lau bandak jasoko dute.