Arizmendi Ikastolako ikasleek neguari ongi etorria eman diote

0
2495

Aste honetan, Arizmendi Ikastolako ikasleek neguari, Santamasei eta Gabonei ongietorria eman diete herria musikaz, kolorez eta alaitasunez betez. Herriko hainbat txokotan egindako ekitaldien bidez, jai giro berezia sortu dute, adin guztietako herritarrak elkartuz.

Asteazkenean, Gazteluondoko 2. mailako ikasleek Iturbideko zaharren egoitza bisitatu zuten Gabon kantak abesteko. Elkarrekin, irribarrez eta goxotasunez betetako goiza izan zen, belaunaldiak elkartuz. Olarteko haurrak ere Seber Altube zein Herriko plazan kantuan ibili ziren, eta Uribarrikoek auzoan gabon kantak abestu zituzten.

Ostegun goizean, Arimazubi eta Gazteluondo guneetako Lehen Hezkuntzako ikasleek protagonismoa hartu zuten herrian zehar egindako ibilaldian. Ikastolatik abiatuta, San Andresen, Arimazubin, Munarren, Arbolapetan, Herriko Plazan eta Biteri Plazan geldialdiak egin zituzten, neguko kantuak eskainiz familiei eta herritarrei. Ikasle, irakasle eta familien arteko elkarlanari esker, giro bero eta alaia sortu zen. Ekitaldiari amaiera emateko, guztiak Arizmendiarreta Plazan elkartu ziren, bertaratutakoei Txerri Dantza eta neguko kantak eskainiz. Jendetza bildu zen eta benetan hunkigarria izan zen.

Ostiral goizean, berriz, Santa Teresako ikasleek auzoko komertzio txikiak bisitatu zituzten, Gabonetako postalak banatuz. Ondoren, Gabon kantak abestu zituzten, jai giroa zabalduz eta auzoarekiko gertutasuna erakutsiz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen