Arizmendi Ikastolak Iparraldeko Arberoa Ikastola babesteko elkartasun ekimena antolatu du

0
944

Goiko irudia: Arberoa Ikastola / Kartela eta beheko testua: Arizmendi.

Urriaren 28ko gauean sutea izan zen Behe Nafarroako Donamartiri herrian kokatzen den Arberoa Ikastolan. Bertan gertatutakoak kalte handiak eragin zituen, bulegoak eta txikienen gelak kiskaliz. Gauzak horrela, Ikastolon nortasunaren parte den elkartasun dinamika berriz ere gogoz eta indarrez berrartzera eraman gaitu. Ikastola bat ixteak, Euskarak eta Euskal Herriak bizi irauteko eta garatzeko irla bat galtzea suposatzen duelako.

Hau ikusita, Arberoa Ikastolako gure lagunek martxan jarri duten dinamikarekin bat egin dugu Arizmendi Ikastolan, eta gaurkoz, kalteak handiak izaten jarraitzen dutenez, abenduaren 13an, ostirala, arratsaldeko 17:00etatik aurrera SUA ITXUNGI ELKARTASUNA IXOTU ekimena gauzatuko dugu Arizmendi Ikastolako kideok Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan.

Ekimen hau Arberoa Ikastolako lagunek berreraikuntza bideratzeko dinamikaren baitan kokatzen da.

Hiru herrietako herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera ondorengo elkartasun leku eta jaira:

Eskoriatzan, Herriko plazan: Txistorra eta edari salmenta, elkartasun tanta dinamika, otzara zozketa, musika…

Aretxabaletan, Mitarte kalean: Txistorra eta edari salmenta, elkartasun tanta dinamika, musika, zozketa bereziak…

Arrasaten, lau gune izango ditugu:

● Arimazubi plazan: Txistorra eta edari salmenta, musika, ekintza bereziak…

● San Andresen: Txistorra, saltxitxa eta edari salmenta, musika, babarrunekin zozketa berezia…

● Biteri plazan: Txistorra, txokolate eta edari salmenta, musika, gazta zozketa berezia…

● San Isidro ermita ondoan: Txistorra eta edari salmenta, musika, ekintza bereziak…

Ederra izango delako eta elkartasuna ixotuz denon artean Arberoa Ikastola birsortuko dugulako, abenduaren 13an denok plazatara!

Sua itxungi, elkartasuna ixotu!

Leintz bailaran 2024ko abenduaren 3an

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen