Harristi: “Aratusteetako karrozak egiteko gune bat jarri beharko luke Udalak”

0
1931
desfilea

Iñaki Gurrutxaga ‘Harristi’ Karnabalak maite eta antolatzen ditu. Gogoan duen anekdotetako bat da “nire koadrilako denak nitaz mozorrotu zirenekoa: betaurrekoak zeramatzaten, euskal presoen kamisetak, kalimotxoa edaten ibili ziren,…”. Bihar jaiak izango ditugu herrian.

“Arrasateko Aratusteak urterik urte indarra hartzen dabiltza – baloratu du ‘Harristi’k – baina herriak gehiago indartu behar ditu, baliatuta gure herrian mozorrotzeko izan den ohitura handia”.

Horren adibide dira 1990. urtetik aurrera Amaia Antzokian ospatu ziren play back jaialdiak. “Abeslariak eta pertsonaia ospetsuak imitatzen genituen eszenatokian, eta SUDCek antolatuta, 9 edizio ospatu genituen”.

“Arrakasta handia izaten zuten, eta lehenbiziko edizioan maila oso altua erakutsi genuen. Maila hori gainditzea oso zaila izan zen, baina oso ondo pasatu genuen 9 edizio haietan”.

“Orduan parte hartzen zuten hainbat lagun honezkero hil dira: Vega anaiak, Rosi ‘Katanga’, Julito,… Etorkizunera begira, baliteke etorkizunean gazteek holako zerbait antolatzea”.

Lehen Arrasaten asteartea zen egunik jaizaleena. Ondoren, orain direla 12 urte inguru “zapatua indartzen hasi ginen, eta lehen edizioan bazkari herrikoia ospatu genuen Uarkapen, Beronika eta Keparen jatetxean. Ondoren, frontoiko kantxan ospatu genituen”.

Arrasateko Aratusteak indartzeko “baliagarria izango litzateke Udalak nabe industrial bat edo behintzat estalitako leku handi bat utziko balu, bertan koadrilek euren karrozak egin ahal izateko”.

“Aretxabaletan holako nabe bat daukate, oso handia, aurten ikusi dut, eta bertan 10-12 koadrila zeuden euren karrozak egiten. Arrasatek halako zerbait behar du, horrela koadrila gehiago animatuko lirateke”.

Gaur egun, holako karrozak egiteko, SUDC elkarteak Zalduspeko lokal bat baliatzen du, “baina han ere Olentzeroren gurdia, Sanjoanetako dragoia, Aratusteetako sardina,… daude eta ondorioz ez dago leku nahikorik”.

Datorren urtera begira “beharrezkoa da Udalak koadrilei gune egoki bat uztea. Aukera horren desabantaila bakarra da batzuek jakingo luketela, jaien aurretik, koadrilen karrozak nolakoak liratekeen. Hau da, ez litzateke sorpresa izango”.

Aratusteak indartzeko ere “baliagarria izango litzateke, orain arteko sariez gain, Koadrila Onenaren Sariak 300-500 € ere ematea. Horrela koadrila gehiago animatuko lirateke, eta gainera karroza bat egiteak, jantziak egitea,… dirua suposatzen du”.

Antolakuntzan Iñaki Gurrutxaga ‘Harristi’k dihardu, Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean, baita aurreko urtean Koadrila Onenaren Saria lortutako lagunekin ere. Kartelen txapelketako epai-mahaian SUDCek ere parte hartzen du.

“Larunbatean, egunean zehar, giro oso polita izaten da, baina gauerako jende gehiena etxera joaten da. Bihar eguraldi ona egingo du, eta giro oso polita espero dugu”.

‘Harristi’k Aratusteen maitalea da: “Herenegun gauean Tenerifeko Karnabalak telebista bidez jarraitzen izan ginen, Karnabaletako erreginaren aukeraketa ikusten, gaueko 22:30etik goizaldeko 01:30era”.

“Arrasaten mozorro oso onak egin dira, nik gogoan dut nire koadrilako denak nitaz mozorrotu zirela (betaurrekoak jantzita, bizarrakin, euskal presoen eskubideen aldeko kamiseta jantzita, kalimotxoa edaten ibili ziren,…). Nik ez nekien horrela mozorrotuko zirenik, eta ni espadatxin bezala mozorrotu nintzen… [barreak]. Niri ilusio handia egin zidan, eta keinu oso polita izan zen koadrilaren aldetik”.

“Herritarrak anima daitezela jaietan parte hartzera, Arrasate herri bizi bat da, eta arrasatearrak nolakoak garen erakutsi behar dugu, Aretxabaleta gaindituko dugu [barreak]”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen