Arabiar eta euskal gozokiak erosgai dira integraziorako IMMEk irekitako dendan

1
1784

Biteri plazan inauguratu du denda elkarte arrasatearrak. Horretarako, Seber Altubeko Hemen kafetegiarekin elkarlanean dihardu. IMME elkartea 2012tik Arrasaten funtzionatzen dabil.

2012 urtetik martxan dago IMME elkarte arrasatearrak, Emakume Musulmanak Euskadin Gizarteratzeko elkartea.

Kolonbia, Peru, Paraguay,… jatorriko emakumeek ere bertako partaide dira, izan ere, “elkarteak helburu du bazterturiko emakumeak gizarteratzen laguntzea”.

Arrasaten 60 partaide inguru dira, eta “Sanjoanetan, Santamasetan,… parte hartu izan dugu kuskus eta bestelako jakiak jendearentzat prestatzen”.

Elkartearen sorreratik “gura izan dugu gozotegi bat irekitzea, izan ere, jendea janariaren bueltan elkartzeko ohitura dauka. Denok dugu janaria gustuko”.

Horrela, egitasmoak helburu ditu dendan jatorri ezberdineko pertsonek “harremanak izatea eta elkar ezagutzea, beldurra batzuetan erreakzio barik uzten gaituelako”.

Denda “benetako integraziorako erreminta bat da, elkarbizitza bat sortzeko, elkarbizitzak apurtzen dituelako estereotipo eta estigma guztiak”.

Establezimenduaren beste xede bat da “dendan lan eginez, langileen integrazioa sustatzea. Bertan IMME elkarteko emakume batzuek jardungo dute”. Ekimen honetan 6-7 partaidek dihardute.

Djamila Zereibyk, egitasmo honetako sustatzaile nagusietako batek, azaldu du “kultura ezberdinetako produktuak erosgai daude, hau da, euskalduna (bizi garen kultura) eta gurea (arabiarra)”.

Denda arabiar produktuak Gasteiz, Basauri eta Madrildik hornitzen da, eta “besteak beste, Palestinan ohikoak diren produktuak izango ditugu”.

Gaur egun kanpotik hornitu behar diren arren, “gure helburua da pastelak guk geuk egitea etorkizunean. Horretarako, obradore bat ireki nahi dugu Gesalibarko Txirrita taberna-jatetxe ohiko lokalean”.

“Lokal hori obradoren bezala funtzionatzeko gutxi gorabehera prestaturik dago. Orain Djamila Zereiby jabeekin hitz egiten dabil, eta uste dut lortuko dugula”.

Ekimen hau “proiektatuta dago, eta helburu du emakumeei gozokigintzan trebatzea, lanbide hori irakastea, eta ondoren emakume horiek euren ekimenak abiatzea etorkizunean”.

Euskal produktuak ere erosgai daude denda berrian, Seber Altubeko Hemen kafetegi-gozotegiarekin elkarnean dihardulako.

Hemen-eko Jaione Fernandez de Jauregik azaldu duenez IMMEk “proposatu zigun eurekin elkarlanean aritzea, eta guk oso gustura hartu genuen euren proposamena”.

Ondorioz, “baietz erantzun genien, eta guk egindako opil artesanalekin eta opil industrial batzuekin hornituko ditugu. Guk ere beti pentsatu dugu janariarekin kulturak eta ezagutzak zabal daitezkeela”.

Hortaz gain, Mondragon Korporazioak denda berriari oroigarri eta taza batzuk oparitu dizkio. IMMEk Udalari Biteriko lokal hau errentan hartu dio, baina oro har, elkarte gisa, laguntza batzuk jasotzen ditu instituzio publiko batzuetatik.

Denda jada zabalik dago “goizez nahiz arratsaldez, eta ahaleginduko gara asteko zazpi egunetan ireki ahal izatea”. Produktu anitz daude erosgai:

  • Gozokiak
  • Pastak
  • Opilak
  • Txokolatea
  • Kafea
  • Infusioak
  • Izotz-edariak
  • Edari freskagarriak

Inaugurazioan parte hartu dute, besteak beste, Djamila Zereiby IMMEko ordezkariak, Maria Ubarretxena alkateak, Maitane Muñoz Komunitate Garapeneko zinegotziak, eta Ander Etxeberria Mondragon Korporazioko ordezkariak.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen