Aprendiceseko eta Grupo San Joango proiektuen inguruan debatitu da Plenoan

0
1233

Udal-gobernuak (EAJ-PNV eta PSE) EH Bilduri adierazi zion Juan Arzamendi Musika Etxearen inguruan “puntualki informatuko” ziola, baina koalizioak salatu du “prentsa bidez” jakin duela abalaren gaia. EH Bilduk adierazi du Grupo San Joango zubia botatzearen aurka dagoela, eta Udal-gobernuak adierazi du bizilagun “batzuk proiektuaren alde daudela”.

Astearte honetan Udalbatzarra egin da segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartuta, eta beste gai batzuren artean, ondorengo biak jorratu dira.

EH Bilduk jakitera eman du Udal-gobernuak (EAJ-PNV eta PSE) hitzeman zion, Udalbatzak Juan Arzamendi Musika Etxearen gaia Udal-gobernuaren esku utzi zuenean, obren inguruko gorabeherez “puntualki informatuko” ziola.

Alabaina, Maider Morras zinegotziak plenoan azaldu du Udalak ez dituela beste udal-taldeak abalari eusteaz informatu, eta udal-taldeek “prentsaren bitartez” jakin dutela, “baita udal-gobernuko kide batek ere”.

Udal-gobernuak erantzun du “guk publikoki argi eta garbi adierazi genuela Udala abalarekin geratzeko inolako arazorik ikusten ez genuela”.

Anuska Ezkurra zinegotziak adierazi duenez “orain prentsan irakurri duzuena da Udalak abal hori bereganatu duela, beste barik”.

Grupo San Joango berrurbanizazioa ere hizpide izan da Plenoan. EH Bilduk ez du egoki ikusten Covid-19aren krisialdi garai hauetan ‘Ekobulebarra’ delako proiektua egitea. Adibidez, Grupo San Joango zubia botatzearekin “ez gaude batere ados”.

“Hirigintzako aktan jasotzen da zubia emakumeen segurtasunerako puntu ilun bat dela”, eta Maider Morras zinegotziak salatu duenez “Arrasaten asko daude, baina azken 6 urteetan Udal-gobernuak ez du bat ere konpontzeko interesik izan”.

“Zubi hori eraisteko nahia genero perspektiban oinarritzea lotsagarria iruditzen zait”, gehitu du. Bere hitzetan “Udal honetako Hirigintzak azken 6 urteetan ez du ezer egin genero perspektibatik”.

Grupo San Joaneko zuhaitzei dagokienean, EH Bilduk adierazi du Udal-gobernuaren egitasmoak “zuhaitz batzuk botatzeko asmoa duela”, “nahiz eta Udal-gobernuak hori esaten ez duen”.

EH Bildurentzat “onartezina da auzoari egin zaion mehatxua: Udal-gobernuak auzotarrei esan die ‘edo nire proiektua onartzen duzue, edo ez da urbanizaziorik egingo datorren legealdira arte’. Hori xantaia bat da”.

Udal-gobernuak erantzun du Grupo San Joanen “azken 40 urteetan ez dela inolako hirigintza-eskuduntzarik egin” eta Udal proiektuak helburu duela “Alfontso X plazari beste aurpegi bat ematea”.

Udal-gobernua bizilagunekin izan da “eta euren artean iritzi kontrajarriak daude, batzuek gutun bidez adierazi digute proiektuarekin ados daudela”.

Udal-gobernuak iragarri du bizilagunekin “beste bilera bat egingo dugula” eta eurekin “oinarrizko akordio bat nahi” duela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen