Amerika Elkartea aurkeztuko dute Kulturaten urriaren 15ean

0
521

Urriaren 15ean, ostirala, aurkeztuko dute Kulturate areto nagusian elkarte berri bat. Amerika Elkartea latinoamerikatik etorritako pertsonak Euskal Herrian integratzeko elkartea da.

Elkartearen helburuak honako hauek dira: Latinoamerikako herriaren sustraiei balio handiagoa ematea, Latinoamerikako kulturak euskal kulturarekin integratzea, indarrean dagoen ordenamendu juridikoa ezagutzea eta zabaltzea, eta lan-baldintza eta ordainsari duinak dituzten lanpostuak sortzea. Horretarako, kalitatezko enplegurako kooperatibak sortuko dituzte, gizarteratzeko, kulturarako eta prestakuntzarako guneak prestatuko dituzte, prestakuntza-tailerrak abian jarriko dituzte, aholkularitza juridikoa, psikologikoa eta beste batzuk eskainiko dituzte eta euskara sustatuko dute.

Daniela Castro elkarteko lehendakariak azaldu digunez, “Kolonbian izan zen langabezi nazionalaren ondorioz, gure herrikide askok Arrasaten eta Espainiako Estatuko beste leku batzuetan manifestazioa egin zuten, eta bertan elkartzea beharrezkotzat jo genuen antolatzeko eta espazio sozial bat sortzeko. Guretzat garrantzitsua da integratzea eta Euskal Herrian migratzaile izatea zer den aztertzea.”

Azaldu du, halaber, zein garrantzitsua den kolektiboarentzat bere sustraien balioa handitzea. “Prozesu desberdinetatik, herrialde desberdinetatik iritsi gara hona, eta gure jatorria ahaztu dugula dirudi. Familiarekin gatoz, eta batzuetan gure seme-alabak linboan geratzen dira pixka bat. Ez dakite hemengoak edo hangoak diren. Nondik gatozen jakin behar dugu nora goazen jakiteko.”

Kolektiboak euskara ikasteko duen beharra ere azpimarratu du Castrok. “Beste kolektibo batzuetan ez bezala, hona etortzeko asko errazten digun hizkuntza batekin gatoz, baina guretzat integrazioaren gakoa euskara ikastea da. Garrantzitsua da, batez ere, euskal herriaren nortasuna ezagutzeko.”

Kulturateko areto nagusian egingo den ekitaldian arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta honako programa izango du:

●Gure elkartearen aurkezpena.
●Abya Yala-ko jatorrizko herriak: identitatea, borroka eta erresistentzia gaiari buruzko txostena. René Behoteguy ekonomista boliviarrarekin.
●Bertako alderdi politikoen parte-hartzea 1492ko urriaren 12an gertaturikoaren inguruko eztabaidan.
●Jean Paolo kolonbiarra eta Cristian Vergara perutar kantautoreen emanaldia.


ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen