Alde Zaharreko Berrikuntza planerako 19 akordio lortu dira

0
1254

Arrasateko Udalak Alde Zaharreko Plan Berezia berrikusteko prozedura jarri zuen abian 2019an. Orduan lehen fasea burutu zen, iradokizunak jasoz, eta 2020ko urriko Osoko  Bilkuran Arrasateko Herrigune Historikoa eta Errebalak erabat birgaitzeko Plan Berezia berrikusteko prozedura hastea erabaki zen, bai eta Herritarrek Parte Hartzeko Programa ere. Urritik abendura 2. fasea garatu da: Udal Planeamenduaren Aholku Kontseiluak dokumentazio teknikoa aztertu eta iradokizunen txostena egin du, 24 proposamenen gainean lan eginez. 

Aholku Batzordea hogeitik gora lagunek osatutako batzordea da. Kide dira alkatea, udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bana, baserri eta auzoetako alkateak, eta hainbat elkarte edo taldeetako ordezkariak. Batzordearen betebeharra da, Udalak lantzen dituen hirigintza gaietan parte hartzea: iradokizunak eginez, ordenazio urbanistikoarekin lotutako txostenak eginez,  proposamenak, aholkularitza lanak eta halakoak.

Guztira 5 bilera burutu ditu taldeak. Kontseiluaren bilerak Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun saileko teknikariek gidatu dituzte, bai azalpen teknikoak emateari dagokionean (udal arkitektoa), bai dinamizatzaileari dagokionean (Hirigintza saileko burua). Bilera hauetan bataz-bestean 20 laguneko taldea egon da saio bakoitzean. Dinamizatzaileak gidatuta, proposamenak talde txikitan landu dira (4-5 lagunekoak). Lanketa hau egin ostean talde osoaren aurrean plazaratu dira emaitzak. Dinamikaren helburua izan da ahalik eta adostasun zabalenak lortzea: gai batzuetan adostasun osoak lortu dira, beste batzuetan maila handiko adostasunak, ez alde ez kontra, eta beste batzuetan, aldiz, ez da adostasunik lortu.

24 proposamenetatik 19rekin ados agertu da Aholku Kontseilua. Hala nola:

Proposamena: Esparruaren antolaketa 2 gunetan egitea. Alde zaharra bitan banatzea: ondare babestua den almendra alde batetik eta beste zati, bestetik.

Sotoak eraikitzeko aukera izatea: arkeologia esparruko araudia betetzeko baldintzapean.

Toldoak: egun, ezin dira toldoak ezarri, soilik azken solairuko terrazan, hortaz, toldoak jartzeko baldintzak zehaztu eta toldoak jartzeko aukera baimentzea.

Begiratokiak: egun araudiak ez du lagatzen begiratoki berririk egiterik, eta daudenetatik batzuk babesten ditu, ez denak. Proposamen berriak irizpideak jasotzen ditu begiratoki dagokienez, izan zaharrak edo berriak. 

Arotzerien materialak: proposatzen da, esaterako, arotzerien materialen artean egur imitazioa onartzea.

Behe solairuko baoen (etxebizitzetako hormetako tarte libreak) konposaketa. Baoen inguruko araudia nahiko zorrotza da. Legedian jasota dago baoek proportzio bertikala behar dutela izan, hau da altueran luzeagoak behar dutela izan zabaleran baino. Proportzio bertikala deuseztatzeko proposamena egin da.  

Partzelak batzeko aukera. Partzelak batzeko aukera, eta baita hutsik dauden espazio libreak finkatzea, espazio publikoa handitzeko helburuarekin. 

Eraiki gabeko espazio libreak finkatzea.

Eraikinetan jarduteko irizpide berriak. Eraikinetan jarduteko irizpideak berritzea, esaterako, Iturriotz kaleko 13 zenbakia egun ekipamendua dena etxebizitza erabilerara aldatzea edo zeharkale estalia 1 eta erdiko kale 11 partzelen berrantolaketa. 

Iturriotz 13. Alai zinema eraikina. Ekipamendu pribatu eran dago jasota Alde Zaharreko Plan Orokorrean. Proposamena da ekipamentu pribatu izaera mantenduz, etxebizitzak egiteko aukera ere eskaintzea, hainbat baldintza betez. 

Zeharkale estalia 1, Erdiko 11.  Udaletxearen atzeko eraikina. Etxebizitza eraikina da. Erabilera aldaketa egitea proposatzen da, ekipamendu erabilerara igaroz. 

Araudiaren betetzea, bai eraikuntzaren babes mailaren arabera, bai interbentzio graduaren arabera. Alde Zaharreko monumentu izaera duten eraikuntzetan araudiak zurruntasun maila handia duela ikusita hobekuntza proposamenak daude. Hortaz, araudia betetzea lehenetsiz, eraikuntzaren babes maila eta interbentzio gradua ere kontuan hartzea eskatzen da mantentze lanetarako. 

Irisgarritasuna. Alde Zaharra ere ardatz izanik, irisgarritasun planean aldaketa batzuk ere eskatu dira. 

Birgaitze / kontserbatze dirulaguntzak. Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute bestetik, urtero gainbegiratzen direlako. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da.

Karkabak. Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute bestetik, urtero gainbegiratzen direlako. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da.

Alde Zaharreko Plan Berezira  egokitzeko irizpideak egoki zehaztea. 

Zuntz optikoa ezartzea. Beste proposamen batean zuntz optikoa ezartzea eskatzen da.

Hirigintza kargen kalkulua. Hirigintza kargen kalkuluari dagokionez, kargak indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzea eskatzen da, eta igogailuei dagokienean hiru proposamen luzatu dituzte igogailuak teilatutik haratago eraiki ahal izateko: altuera neurri jakin bat igotzen baimentzea (50cm), teilatuaren malda gehitzen uztea (%1) eta teilatuaren hegala eraldatzea. 

Igogailuak jartzeak teilatuetan duen eragina onartzea Alde Zaharreko Plan Berezian, bi eratara: teilatuaren anguloa handituz eta fatxadan metro erdi altxatzea baimenduz. Horrekin, Alde Zaharreko azken solairuetara bitarte iristea bermatzea lortuko litzateke. 

Beste bi proposamenetan kontseiluak ez du iritzi bateratua, eta ez da azaltzen ez alde eta ez kontra. Hain zuzen ere, 3, 20, 22, eta 24 proposamenekin:

Garajeak sotoan eraikitzea

Behe solairuen erabilera. Proposamena zen solairuak erabiltzeko irizpideak kokapenaren eta inguruko gune publikoen araberakoak izatea.

Beste bitan, aldiz, ez da azaltzen ez alde eta ez kontra:

Iturriotz 29. Eranskina dauka: elizaren kantoiarekin bat egiten duena. Alde Zaharreko Plan Berezian bertan eremu publiko bat sortzea dago aurreikusia egun. Eranskin hori mantentzeko aukera ematea proposatu da. 

Arrasate pasealekua 6. Lur zati pribatu baten barruan kokatutako eranskina da. Botatzea dago aurreikusia egun. Proposamena da Plan Berrian mantentzearen aukera mahai gainean jartzea. 

Orain, Udaleko Hirigintza Sailak, Aholku Kontseiluak egindako proposamenak kontuan izanik, Alde Zaharreko Hirigintza Plan Berezia eguneratzeko prozesuarekin jarraituko du. Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “oso aberasgarria” izan dela herritarrekin egindako lanketa: “Arrasatearrek ematen diote identitatea gure herriari eta horregatik da hain garrantzitsua Etorkizuneko Arrasateren definizioa elkarlanean egitea, proiektu partekatua den heinean. Esker hitzak luzatu nahi dizkiet parte-hartzaile guztiei. Orain Udaleko Hirigintza Sailak proposamen bakoitzaren gainean lanean jarraituko du”. 

Orain Kontseiluaren proposamena, behin Hirigintza sailak aztertu ostean,  Udalak Osoko Bilkurara eramango du bertan onartu izan dadin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen