AHTko obrek kalterik “ez” dutela egin esan du espainiar Gobernuak

0
319

EH Bilduk Madrilgo Kongresuan Leibarko apurketengatik azalpenak eskatu ditu. PSOEk erantzun du AHTa “ezinbestekoa” dela. Ministroak onartu duenez, obrek Karraskain zulatzen ari zirenean “adar karstiko bat aurkitu zuten”, “katalogatu barik” omen zegoena.

Framea: espainiar Kongresua.

Gaur goizean EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedo Undiano diputatuak Raquel Sanchez Jimenez Garraio ministroari azalpenak eskatu dizkio.

Diputatuaren hitzetan, AHTarentzako obrek “Lezetxiki koban” kalteak eragin dituzte. Azpimarratu ditu Lezetxiki dagoen sistema karstikoak “balio itzela” daukala eta Lezetxiki kobak Balio Bereziko Kultur Ondare izendatuta dagoela.

Apurketa egin zen “oraindik ikertu gabeko zona batean”, eta jakitera eman duenez “badirudi apurketa duela bi urte inguru” egin zela. “Egoera ezkutatu da orain arte”.

Izan ere, Arrasateko espeleologo batzuek apurketa aurkitu dute, eta horren berri eman dute. Diputatuak berretsi du “Lezetxikiko inguruak balio arkeologiko handia duela”. Horregatik, Balio Bereziko Kultur Ondare izendatu zuen iaz Jaurlaritzak, tartean Leibar Koba.

Ministroak erantzun duenaren arabera, AHTarentzako obrak “legediaren arabera” egiten ari dira, eta bere ustez, “ez da kalterik egin”.

PSOEko ministroak iragarri duenez, obra horietan “inbertitzen jarraituko dugu”, “ezinbestekoa” delako. Era berean, “tentuz jokatuko dugu ondasun kulturala eta arkeologikoa kontserbatzeko”.

EH Bilduko diputatuak erantzun dionez “tentuz ibiltzeak orain arte ez du funtzionatu. Arazoa da jarduera ez dela garaiz gelditu, eta bere ondorioak ez direla aztertu. Gainera ondorioak gutxietzi eta ezkutatu dira”.

Diputatuak berretsi du apurketak egon daudela, eta ministroari eskatu dio horien inguruko “informe tekniko eta zehatza” eska dezala.

“Horixe eskatzen dabiltza Arrasateko Udala eta zenbait gizarte-eragile. Baita azalpenak eta ardurak argitzea ere”.

Oro har, diputatuak salatu du AHTko obrak “zona karstikoak, dozenaka akuifero, babestutako zonak, balio arkeologiko handiko kobak,… apurtzen ari direla. Hori guztia erabateko oskurantismoarekin”.

Orain apurketen “ardurak argitu eta horiei buruzko neurriak hartu behar dira. Baita AHTarentzako egin barik dauden zatiak ez egitea ere”. EH Bilduk aldarrikatu du “tren sozialago eta ingurumenarekin adeitsuagoa bat”.

Gobernu espainiarrak erantzun du berak obrak “beti” egiten dituela “ingurumen inpaktuaren deklarazioaren” arabera.

Adierazi duenez “kasu honetan ere, jarraipen arkeologiko zehatza egin dugu. Adif-eko teknikariek txostenak egin dituzte, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek ere”.

Teknikariek baieztatu dute Lezetxikiko indusketen guneak ez duela “inolako” kalterik jaso. Ministroak baieztatu du Lezetxiki inguruko “sistema karstikoaren galeriak zenbait kilometro luze direla”.

Bere hitzetan galeria hauek, Leibar esaterako, “ez” daude katalogatuta eta erregistratuta, “irisgarriak ez direlako”.

Onartu duenez AHTko obrek Karraskain zulatzen ari zirenean “adar karstiko bat aurkitu zuten, katalogatu barik” ei zegoena. Adar hau sistema karstikoaren “ertz” batean dago, indusketen gunetik “300 metro baino gehiagora”.

Adif-eko eta Aldundiko teknikariek “elkarlan estuan”, erabaki zuten “adarra sakonki ikertzea, espeleologia eta arkeologia ekipoekin”.

Teknikarien “informearen arabera”, Leibar kobazuloaren egoera “orokorra ona” dela. Gehitu dutenez, orain arte bertan “ez da aztarna arkeologikorik edo paleolontologikorik aurkitu”.

Bere hitzetan, Lezetxiki inguruko zuloek “ez zuten babesik patrimonio gisa”. Horrela obrek “aurrera jarraitu eta gauzatu ziren, proiektuaren arabera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen