Pasa den zapatuan, irailak 28, AEDko kultura taldeak antolatuta Irulegiko eskua agertu zen aztarnategia bertatik bertara ezagutzeko irteera egin zuten. Hau aipatu dute AED elkartetik irteeraren inguruan.
“Pasa den zapatuan, txango polita egin genuen Iruñerrira, AEDko kultura taldeak antolatuta. Irulegi mendia izan genuen lehenengo helmuga. Lakidain herri dotorea atzean utzi eta aldapan gora egin genuen, Ainitze, Aranzadiko arkeologo gazteak gidatuta. Mendiaren magalean induskatzen ari diren Burdin aroko herrixkaren aztarnetan egin genuen lehen geldiunea. Benetan magistrala Aranzadiko gazteak
garai hartako baskoien inguruan eta, oro har, arkeologoen lanaren inguruan eman ziguna!”

“Irulegiko tontorra hartzen zuen Erdi Aroko gazteluaren arrastoetara igo ginen gero. Kokapen estrategikoan zegoenik ezin uka, hango ikusmira zabalak lekuko! Aranzadikoen bisita gidatua bukatu ondoren, hiribururantz egin genuen. Karrikiri elkarteko lagunak genituen zain Xabier kaleko Euskal dendan. 2002an irekia, saltoki bat baino askoz gehiago da, eta Euskal Herri osoan soilik euskarazko produktuak
eskaintzen dituen denda bakarra! Ez galdu bisitatzeko aukera! Karrikirikoen denda eta beste proiektuak ezagutu ostean, Laba espaziora gerturatu ginen. Euskararen eta euskal kulturaren arnasgune bat Iruñearen bihotzean, Gaztelu plazan bertan!”

“Egun pasa polita igarota bueltatu ginen Arrasatera. Gure arbasoen inguruan zerbait gehiago ikasita eta Iruñean euskara eremuak irabazten ari delako pozik! Bejondeiela eta eskerrak anitz Aranzadi eta Karrikiri elkarteko kideei egindako harreragatik. AEDko kultura taldearen asmoetan dago irteerak egiten jarraitzea. Proposamenen bat izanez gero, gerturatu elkartera!”.





