AEDren 40. urteurrena dela eta egiten ari diren ekintzen artean, ‘Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte’ dokumentala proiektatu da Kulturateko areto nagusian. Dokumentala Lanartea euskarazko langile profesionalen elkarteak ekoitzi du, eta bertan zazpi euskal sortzaile gaztek gogoeta egiten dute profesionalki artista edo sortzaile bihurtzeko aurkitzen ari diren zailtasunei eta erronkei buruz. Dokumentalaren aurkezpenean izan dira Eneko Barberena, gidari lanetan, Amagoia Gurrutxaga, Lanarteako kidea, eta Oihana Arana bertsolaria, dokumentalean parte hartzen duena.
Amaia Gurrutxagak azaldu duenez, “Lanartea 2020an sortu zuten idazle, kazetari, aktore, sortzaile eta abarrek, egungo sistemarekin arazo bat zegoela uste zutelako, eta egoeraren diagnosi batzuk egitea erabaki zuten. ” Gurrutxaga 2021ean sartu zen Lanartean.” Sistema generotik, geografiatik, diziplinatik… aztertzen hasi ginen, eta mundu honetan sartzen ari ziren zazpi gazterengana jo genuen, kulturaren munduan sartzea nola bizitzen ari ziren ikusteko. “
Dokumentalaren protagonistak Oihana Arana poeta eta bertsolaria, Amets Aranguren musikaria, Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria, Dom Campistron irudigilea, Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista, Iker Maguregi zinemagile eta musikaria eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolaria . Bakoitzak bere kezkak ditu, baina dokumentalean denek diote erronka bera dutela, beren arteaz bizi ahal izatea.





