Adimen Artifizialeko Ikasketa Automatikoan “oro har demokratizaziorantz goaz”

0
273

Adimen Artifizialaren (AAren) aplikazioaren inguruko jardunaldia egin da Garaian, eta Mondragon Unibertsitateak esaterako Ikasketa Automatikoaren inguruko ezagutzak azaldu zituen. Halaber, SPRIk dirulaguntzen inguruan jardun zuen.

Goiko-eskumako argazkia: Mondragon Unibertsitatea.

Arrasateko ISEA kooperatibak antolatuta, ‘Adimen Artifizialaren ezarpen praktikoaren egoera Euskadin’ jardunaldia egin da.

Ekitaldi honen antolakuntzan SPRI eta BAIC-ek (Basque Artificial Intelligence Center) ere parte hartu zuten. Atzo egin zen Garaia Parke Teknologikoan.

Hitzaldi nagusietako bat Mondragon Unibertsitateak eman zuen, hain zuzen, bertako ikerlari eta irakasle Aitor Agirre arrasatearrak.

Gazte honek MUko Zibersegurtasun eta Daten Analisiko Sailean egiten du lan. Batez ere Adimen Sistemen eta Datuen Analisien ikerketan espazializaturik dago. Gainera, Konputazioaren Zientziak graduan eta zenbait Masterretan irakasle dihardu.

Ideia ugariren artean, Machine Learning (Ikasketa Automatiko) ereduaren inguruko bere ezagutzak partekatu zituen bertaratuko entzuleekin.

Interneten irakur daitekeenez, Machine Learning eredu bat definitu daiteke “Adimen Artifizialaren motor matematikoa” bezala.

“Datuez elikatzen da eta algoritmoen adierazpena da, ereduak aurkezten dituena eta gizakiak baino aurreikuspen azkarragoak egiten dituena”.

AAean ere “background bat beharrezkoa da”, hain zuzen “background matematiko eta estatistikoa, zertarako? Gutxieneko intuizio bat behar dugu, algoritmo optimoak lortu ahal izateko eta hauek erabiltzeko”.

Gainera, “hori azaltzen jakin behar dugu, eta horretarako gutxieneko ezagutzak izan behar ditugu matematiketan eta estatistikan. Baita informatikan ere”.

Izan ere, besteak beste, “datuak prozesatu beharko ditugu, ereduak sortu eta ereduak ekoizpenean jarri”. Gaur egun norantz goaz?

“Oro har, demokratizaziorantz goaz, izan ere, duela 10 urte edonork ezin zezakeen Machine Learning bat sortu, baina egun horretarako erreminta ugari daude eskura, eta ia edozeinek ML bat sor dezake”.

Horretarako “lainoko zerbitzuak eskaintzen dira, enpresa batzuek eskaintzen dizkigute beste enpresa batzuek sortutakoak, eta gure enpresetan aplika ditzakegu”.

Zer lan egin daitezke ML eredu batekin? “Irudien segmentazioa, ahots-ezagutza automatikoa, audioen sailkatzea,…”.

Jardunaldiko beste hitzaldietako bat SPRI erakundeak eman zuen. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Adimen Artifiziala aplikatzeko 2022ko dirulaguntzen deialdia “itxi berri dela, baina 2023an epea irekiko dela, aurrekontua prest baitaukagu”.

Zein entitate aurkeztu ahalko dira deialdi publiko honetara? “Ia edozein enpresa, baldin eta alta emanda badago jarduera ekonomikoen zergan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen zentro bat baldin badu”.

Jardunaldian ere hainbat enpresek arlo honetan duten esperientzia azaldu zuten, besteak beste, Ederlango Edertek edota Laboral Kutxak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen