Debagoieneko mankomunitatearekin batera, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egiten den kanpaina abiatu du Udalako Ingurumen Eskolak Debagoieneko ikastetxeetan.
Testua: Arrasateko Udala.
Badira hainbat urte urtarrila eta otsaila bitartean kanpaina honetako saioak egiteari ekin geniola Udalako Ingurumen Eskolan.
Debagoieneko ikastetxeetan, L.H.ko 3.zikloan eta D.B.Hko 1.mailan burutzen dira hainbat saio hondakinen problematika lantzeko. Gaiari buruz informatzea eta kontzientziatzea dira kanpainaren helburu nagusiak.
Hondakinak ondo sailkatzeak duen garrantzia, materialak berrerabiltzeko dauzkagun aukerak, hondakin gutxiago sortzeko moduak, hondakinek naturan sortzen dituzten arazoak, gure kontsumo ereduaren eta sortzen dugun hondakin kopuruaren arteko erlazioa,… Gai horiek guztiak lantzen dira aipatutako saioetan.
Horrekin batera, mural lehiaketan (3.zikloan) eta lelo lehiaketan (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan) parte hartzeko aukera dute saioetan parte hartuko duten ikasleek. Maiatzaren 13 arteko epea daukate lanok egin eta aurkezteko.
Aurtengo kanpainaren leloa, “Zaborra gehiegi, kalte larregi” iazko lelo lehiaketan Arizmendi ikastolako Almen guneko ikasle talde batek asmatutako esaldia da. Era berean, aurten jasoko diren esaldietatik aukeratuko da hurrengo urterako kanpainarako leloa.
Aurtengo kanpainan Debagoieneko L.H.3. zikloko 26 taldek eta D.B.H. 1.mailako 29 taldek hartuko dute parte.