Xalba Dalmau Arresek ‘Eziña ekiñez egiña’ liburua idatzi du

0
1873

Arrasatearrak liburua egin du gazteleraz ondoko galderari tiraka: Nola iritsi daiteke Euskal Herria XXII. mendera indartsu? Horretarako, historian oinarritu da eta 10 ezaugarri zehaztu ditu, “taldelana, abangoardia, emakumea, gobernantza demokratikoa,…” besteak beste. Lana erosgai dago Eskuz dendan (lehengo Tamayon), Ttukunen, Aterpe kafetegian eta Prentsa Txokoan (Hiper Eroskiko eraikinean).

Xalba Dalmau Arrese arrasatearra (Galdakao, 1946) euskal kulturaren sustatzaile dugu, eta Arrasaten esaterako Portaloi elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Gainera bertako lehendakari jardun du 17 urtez.

Elkarte hau kantugintza sustatzen dabil, eta Xalbak “500 abesti ingururen letrak buruz dakizkit. Gaztea izatean Ez Dok Amairu jarraitzen nuen, eta erromeriako dantzak ikasi nituen”.

“Dantza ikasten Lore Gazteak taldean hasi nintzen, eta hurrengo urtean Galdakaoko Andra Marin jarraitu nuen. Gero Bilboko Kafe Antzokian ikasi nuen, ‘Urbeltz’ eta bere familiarekin, luxu bat zen”.

Arrasatear honek, dantza tradizionalak ikasi ostean, hainbat herritan irakatsi izan ditu, eta egun Bilboko Labayru Fundazioan dihardu, aldizkarien alorrean hain zuzen.

Halaber, “etxean liburu pilo bat dauzkat, adibidez Barandiaranen bilduma osoa, eta euskal kulturari buruzkoak gehienbat. Hortaz gain, historiaren inguruko bi ikastaro egin nituen, eta Nabarraldeko Administrazio Kontseiluko kide izan nintzen”.

“Auritzen (Nafarroa) auzolanaren inguruko ikastaro bat egin nuen, Pirinio inguruan auzolana oraindik oso garrantzitsua baita. Beti izan dut euskal kulturarekiko kezka, kultura bere zentzu zabalean, eta sustatzen jardun dut”.

Horren adibide dugu Xalbaren liburu berria: ‘Eziña ekiñez egiña’. Berarekin izan gara eta ondorengo elkarrizketa egin dugu:

-Zelan sortu zen liburua idazteko ideia?

–Alde batetik, nire kezka nagusiena Euskal Herriaren etorkizuna da, oso-oso gogorra izan daitekeela aurreikusten baitut. Izan ere, euskarari dagokionez, gauza batzuk berreskuratu ditugun arren, erabilera maila ez da igo.

Ezta jaiotze tasa ere, eta jaiotzeak sustatu egin behar dira. Nik horren inguruan idatzi dut liburu honetan, eta modu planteatzen ditut. Alde batetik, baloreak sustatu behar dira, azalduz zein garrantzitsua den seme-alabak izatea.

Gaur egun hainbatek ez daukate seme-alabarik, ondo bizitzeagatik, baina 60 urte inguru izango dituztenean, seme-alabarik eta biloba barik egongo dira. Pozgarria da haurrekin izatea, bestela etxean bakarrik egotea hutsune handia da.

Arabiar, hegoamerikar,… jatorriko pertsonak hemen bizitzen hasten dira, eta aldi berean, bertakoen seme-alabak atzerrira joaten dira bizitzera, atzerrian ederto biziko direlakoan. Baina ez da hala, ez da ‘Vasco por el mundo’ bezalakoa.

Nire loba batek Txinan hiru urte egin ditu, gero Parisen neska batekin bizi izan da, eta orain Tolosan (Okzitaniako Tolosan) bizi da. Euskal Herritik nahiko gertu dago, euskara ikasteko aukerekin. Zuberoako kantuak eskatu dizkit, ahotsetan abesteko.

Baina lehengora itzulita, Euskal Herriko etorkizuna oso gogorra izango dela uste dut. Nik Euskal Herria neurri batean ezagutzen dut, etorkizunerako gauza garrantzitsuak ezagutzen ditut, bai politikoki, bai ekonomikoki, bai kulturalki.

Beste batetik, liburua idazteko ideia piztu zitzaidan nire bizitzan zehar gauzen ikuspuntu orokorra landu dudalako. Nik Goi Ingeniaritza ikasi nuen Antolakuntza espezialitatean, eta alor horretan lan egin dut urte luzez.

Elementu bat aztertzea ez da nahikoa, elementu horren ingurua ere aztertu behar duzu, inguruak ere eragiten baitio. Adibidez, haur bat negarrez baldin badago, ez zaio ‘hago ixilik’ esan behar, ezta ‘ume hau negarti bat da’ ere.

Horiek ez dute arazoa konponduko, eta kasu horretan arazoa gurasoak dira. Litekeena da arazoa umearekiko maitasun edota arreta falta izatea.

Bi kezka hauetatik abiatuta, erabaki nuen Euskal Herria eta bere ingurua aztertzea, baita bere egitekoak zein diren ere. Euskal Herria hemen bizi da, noiztik? Galdera horri tiraka, euskal unibertsitateko kide batzuek nazioarteko ikerketa batean parte hartu zuten.

Euskaldunen geneak aztertu zituzten, eta horretarako hemengo aspaldiko arbasoak dituzten gizonak eta emakumeak parte hartu zuten. Nik ezingo nuke parte hartu, nire aitona Kataluniatik hona bizitzera etorri baitzen.

Ikerketak ondorioztatu zuen gizon horien %70-80k baduela genoma bat orain dela 4.500 urtetakoa. Eta baliteke jatorria Ekialdeko Europatik (egungo Ukraina eta Errusiako estepetetatik) etorritako migrazio bat izatea.

Aldiz, ikerketak azalaratu zuen hemengo aspaldiko arbasoak dituzten egungo emakumeen gehiengoaren genea Aurrehistoriakoa dela. Duela 15.000 urte baino gehiagokoa. Hortaz, emakumea izan da neurri handienean transmititu duena.

Euskara ere batez ere emakumeek transmititu dute, ikastoletan, etxeetan, baserrietan esaterako,… Horren inguruan, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Peio Monteano Sorbet-ek ‘El iceberg navarro. Euskera y castellano en la Navarra del siglo XVI’ idatzi du.

Ziurtatu duenez, garai hartan Nafarroako emakumeen %90 elebakarra zen, hau da, euskalduna. Baita gizonen %70 inguru ere. Hau da, hainbatek gaztelera zekiten baina euskara zen nagusi.

Nire liburua idazteko, erabaki nuen batez ere azken 20 mendeak sakonago aztertzea, historia hobeto ezagutzen baitugu erromatarrak etorri zirenetik. Halaber, nire buruari galdetu nion zein ezaugarrik egin duen posible Euskal Herriak bizirautea.

Kontuan hartu behar da erromatarren, zeltiarren, godoen, arabiarren, frantziarren, espainiarren,… aldetik egurra jaso arren, Euskal Herriak bizirautea lortu duela. Bizirautea posible egin duten balore eta ezaugarri horiei eusten badiegu, eta garatzen baditugu, baliteke XXII. mendera ondo iristea.

Gakoetako bat euskara da, noski, eta beste bat gobernantza demokratikoa da. Foruek 1876ra arte iraun zuten, baina urte horretatik aurrera saiatu ziren ahalik eta arau gehien kentzen.

Adibidez, Bizkaiko burdin mehategien erreserbak hustu zituzten, munduko burdinaren ekoizpenaren %30 bertakoa zen, eta jarduera horretaz Ingalaterra, Frantzia eta ‘Neguritiko’ batzuk aberastu ziren.

Euskal Herriaren beste elementuetako bat lan arduratsua da, eta horri lotutako abangoardia zentzua. Garai batean baleak bakarrik euskaldunek ehizatzen zituzten, besteak ez ziren horretara ausartzen. Izan ere, kanpaina guztietan gutxienez pertsona bat hiltzen zen.

Islandian 30etik gora donostiar hil zituzten neguan han geratu zirelako, eta duela gutxira arte Islandiako legediak onartzen zuen euskaldunak hiltzea.

Egungo Kanadako kostaldean 15.000 euskaldun bizi izan ziren, eta ingurua industrializatu zuten, balearen ehizan oinarrituta. Adibidez balearen olio oso preziatua zen.

Amerikako Estatu Batuetako laugarren presidenteak, Thomas Jefferson-ek, adierazi zuen industrializazioa euskaldunek hasi zutela. Liburu berri batek azalzen du, kostaldean ingelesak eta frantziarrak bizi ziren arren, euskaldunek industrializatu zutela. Abangoardia.

Arrasateko altzairua Europako onenetakoa zen, Toledoko armagintzak zioenez, Milanokoa eta Alemaniako bezain ona. Nola lortu zuten? Arrasate Zientzia Elkartekoek eta Azpiazu historialari oñatiarrak ondo dakite: Behin eta berriz probatzen eta erratzen, emaitza onena lortu arte.

Horrek zer eskatzen ditu? Esplorazioa, berrikuntza, taldelana, elkarlana,… Nik 10 ezaugarri zehaztu ditut liburuan, eta horietako bat komunitate zentzua da.

Euskal Herrian indibidualismoak indarra hartu duen arren, oraindik komunitate zentzua oso indartsua da. Baita emakumea ere, zentzu guztietan.

Eta Garai batean nobleek beste toki batzuetan ez zuten lanik egiten, baina hemen bai. Beste elementu bat kirola da, egun Euskal Herria horretan ere oso indartsua da eta izan da:

Indurain, Somarriba, Olano,… txirrindularitzan; 5 futbol talde lehen mailan; Iparraldeko errugbia; Edurne Pasaban (14 zortzimilakoak igotako lehen emakumea munduan);…

Alabaina, beste ezaugarrietako bat Euskal Herriko batasun falta da, elkarren aurka jardutea, eta horrek ez du etorkizuna bermatzen laguntzen.

-Zenbat denbora egin duzu liburua idazten?

–Hiru urte egin ditut liburua egiten, liburu asko eta Interneten irakurriz, gainera Labayru Fundazioan lan egiten dut, eta bertan 50.000 liburu eta 50.000 aldizkari daude. Ni aldizkariez arduratzen naiz, eta esaterako ‘Argia’ren bilduma osoa dago. Hortaz gain, etxean liburu asko ditut.

-Zure liburuan eskertzarik egin duzu?

-Bai, liburuan hiru eskertza egin ditut, bata Joxefe Diaz de Tuestari, berak liburua irakurri eta aholku batzuk eman baitizkit aurkezpenari dagokionez.

Beste bat Rafael Cristobali, lagunak gara duela 50 urte baino gehiagotik, bera Bedoñan bizi den psikiatra da, eta beti animatzen eta irakurtzen aritu da.

Eta beste bat Ander Manterolari, besteak beste, Barandiaran fundazioaren Patronatuko Batzordeko lehen lehendakaria. Egun 89 urte ditu, bere familia ere laguna dut, eta nire testua irakurri du ni laguntzeko.

Liburuak erreferentzia asko ditu, eta hiru urtetan ez naiz etxetik askotan atera [irribarre egiten du]. Ordu asko egin ditut eserita, eta nire osasunak okerrera egin du, gerriak esaterako, baina zer egingo diogu ba?

-Non eros daiteke liburua?

-200 ale inprimatu ditut nire kontura, eta liburua gaztelerazkoa da. Arrasaten erosgai dago bai Eskuz dendan (lehengo Tamayon, hau da, Olarte kalean), bai Ttukun kopistegian (Zurgin kantoian), bai Aterpe kafetegian (Ferixalekuan), bai Prentsa Txokoan (Hiper Eroskiko eraikinean).

Erabaki dut oraingoz Elkarren salgai ez jartzea, etekin ekonomikoen erdia eskatzen baitu. Izan ere, 200 ale gutxi dira, baina 200ak saltzea lortuz gero, planteatuko nuke Elkarren salgai jartzea.

-Beno Xalba, ba zerbait gehitu gura baduzu, aurrera mesedez, zurea da hitza.

-Beno ba beste liburu bat idatzi asmo dudala, behin hasita ezin geratu [irribarrea]. Balizko liburua etorkizunaren ingurukoa ere izatea gura dut. Oraingo liburuaren azken kapitulua geroa planifikatzeari buruzkoa da.

-Zorionak Xalba!

-Eskerrik asko!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen