Arizmendi Kirol Elkarteak antolatuta, lehiaketan Gipuzkoako selekzioak irabazi du, Reala txapeldunordea izan da eta 3. postua Debagoieneko selekzioarentzat izan da. Giro kirolzale eta sanoa nagusi izan da.

Atzoko partiduetan, arratsaldeari dagokionez, benjaminen mailan Aloña-Mendik irabazi zuen, eta UDA-Arizmendi txapeldunordea izan zen.

Gaur bigarren eguna izan da, eta aipatu behar da egun honetan senior taldeek parte hartu ohi duten arren, aurten kadete mailakoak aritu direla.

Hala ere, emakumeen futbol borrokatua ikusi aha izan da bertan, eta lehen partiduan Debagoieneko selekzioak eta Gipuzkoakoak jokatu dute.

Eskualdeko taldean Mondra, UDA-Arizmendi, Bergara eta Aloña-Mendiko bosna jokalari inguruk parte hartu dute, Aitor Guridik zuzenduta.

Hasieran behe lainoa izan da, baina partidua jokatu ahal izan da, eta herrialde mailako taldeak 5 eta 1 irabazi dio eskualde mailako taldeari.
Ondoren, Debagoienak Realaren aurka jokatu du, eta talde txuri-urdina 0 eta 4 nagusitu da. Hirugarren partiduan, partidu erabakigarrian, Gipuzkoak eta Realak bana berdindu dute arauzko denbora amaituta.


Alabaina, penaltietan Gipuzkoako selekzioa nagusitu da. Sariak Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakaria Manu Diazek eta Beasain taldeko Mikel Aizpurua arrasatearrak banatu dituzte giro onean. Zorionak denei egindako lanagatik!







