6 milioi gehiagoko Aurrekontua onartu da, oposizioak aurka bozkatuz

0
965

Ogasun zinegotziak azpimarratu du 2024ko Aurrekontua “Arrasaten aro berri bati hasiera emango” diola. EH Bilduk adierazi du Udal-gobernuak “oposizioarekin negoziatzeko epe luzeena ireki duela”. Halaber, Gobernuak EAJ-PNVek aurkeztu dizkion 20 emendakinetatik 15 “adostu” dituztela azaldu du Ogasun zinegotziak, “aurrerago garatzeko direlako edo udal-konpetentziakoak ez direlako”. Beste 5 emendakinak, EAJ-PNVek azaldu duenez, “ezin izan ditugu guztiz lortu”. PSEk osoko zuzenketa aurkeztu du, besteak beste, “Batzordeetan ezin izan delako Aurrekontuen inguruan debatitu”.

Gaurko Osoko Bilkuraren gehiengoak 2024rako Aurrekontuak onartu ditu, zehazki, 45.753.138’68 eurokoa. Aurrekontuetan, besteak beste, ondoko partidak daude:

  • Osasun mentalaren inguruko diagnostikoa egitea: 100.000 €
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga ordaintzeko hobariak: 20.000 €
  • Azoka eraberritzeko lehen zatia: 50.000 €
  • Negozioen eskualdatzea errazteko diru-laguntzak: 50.000 €
  • Uarkape trantsizio ekologikoa: 170.000 €
  • Santa Teresa eta Dosnestebe Portuko kaleen urbanizazio: 3.000.000 €
  • Jose Luis Iñarraren lehen fasea: 2.000.000 €
  • Etxezarretako Eremuko lorategi eta ibilbideen berreskuratze plan proposamena gauzatzea: 50.000 €
  • Landa-lurrak erosteko partida handitu bestelako basogintza eredu bat bultzatu eta kudeatzeko: 100.000 €
  • Atletismo pista berritzea: 841.000 €
  • Mojategiko argiak LED sistemara aldatzea: 520.000 €
  • Kirol-klubei diru-laguntzak: 130.000 €
  • Emakume Txoko berriaren proiektua garatzeko: 20.000 €
  • Emakume Txokoaren ekintzak: 120.000 €
  • Zigarrolako Gaztetxoko berria: 270.000 €
  • Aurrenerabeen aisialdi zerbitzu berria: 50.000 €
  • Musakolan estalpea egitea: 250.000 €
  • Bedoñabe estalpea: 60.000 €
  • Bedoñabe berdegune berria: 45.000 €

Ogasun zinegotziak, EH Bilduko Joseba Ezpeletak azpimarratu duenez Aurrekontuak “Arrasaten aro berri bati hasiera emango dio”.

Era berean, “Aurrekontu honek herria eta pertsona erdian jartzen ditu, eta Aurrekontuak herritarren bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du”.

Gaur onartutako Aurrekontua 45’8 miloi eurokoa da, hau da, 2023koaren aldean, 6 miloi gehiago ditu, hots, %15 altuagoa da.

Diru-sarrera garrantzitsuenak udal-tributuak dira, eta 16 milioi eurotik 17 milioira igoko dira, Ordenantza Fiskalen igoeraren ondorioz.

Era berean, Aldunditik Udalak urtero jasotzen duen Foru-fondoak ere gora egin du: aurtengo 19’5 milioietatik datorren urteko 20’8 milioitara igoko da.

Ogasun zinegotziak azpimarratu du “Udalak gaitasun finantziero nahikoa duela datozen erronkei aurre egiteko“.

Gerakina erabiliko da “2024an ez zorpetzeko” eta azaldu du Aurrekontuan badirela “euro bateko hainbat partida, eta espero dugu 2023ko gerakinarekin horiek elikatzea”.

Bidenabar, “gardentasun ariketa bat egiten dugu, aldez aurretik adierazten dugulako zein izango den gerakinaren erabilera, orain arte ez da hala egin”.

Aurrekontu honen negoziazio prozesuari dagokionez, Ogasun zinegotziak adierazi du “bere garaian egutegi bat onartu genuela eta aurkeztu geniela oposizioko alderdiei. Egutegi hori zorrotz bete dugu”.

“Azaroaren 22an dokumentu ireki bat guztien esku utzi genuen, denon artean Aurrekontuak lantzeko. Egun horretatik oposizioak 2 asteko epea izan du ekarpenak egiteko”.

“PNVek abenduaren 4ko Ogasun Batzordera bere ekarpenak ekarri zituen, PSEk ordea ez du ezer aurkeztu”.

“Hartu-eman asko eta sintonia onean jardun dugu azken unera arte, Ogasun Batzordean ordezkari den Bixente Etxebarriarekin”.

EH Bilduko zinegotziak azaldu du “PNVk proposatutako ia proiektu denak bere osotasunean txertatuta daudela gure Aurrekontu honetan, marra gorri bezala aurkeztu zizkigutenak ere”.

Udal-gobernuak oposizioari lau aste eman dizkio: “Oposizioak bi aste izan ditu proposamenak aurkezteko, ondoren aste bat diktaminatu aurretik negoziatzeko eta beste aste bat (gaur arte) negoziatzeko”.

Ondoren, talde bereko, EH Bilduko Kepa Urteagak hartu du hitza, eta adierazi du “Aurrekontu hauek anbizio sozial eta politikoz diseinatutakoak direla”.

“Ehundura komunitarioa indartu eta zaindu nahi dugu”, eta “berdintasuna eta aniztasuna zehar-lerro gisa landuz“.

Gobernantza ereduan “berrikuntzak islatzen” dituzte, eta “Arrasateren potentzialtasuna aktibatu gura dute”.

Gobernatzeko “modu kooperatiboa ezarri nahi dugu”, herri “hobe, eraso eta jasangarria izateko“.

“Datozen urteetan Arrasatek izango dituen azpiegitura eta urbanizazio-proiektuen oinarriak ezarriko ditugu”.

Kepa Urteaga aipatu ditu “aurreko legealditik datozen sorpresatxoak (lehen 6 hilabete hauetan etorri zaizkigun gauzak) aurrera eramateko ere”.

Negoziakeari dagokionez, nabarmendu du “azken urteetako negozioaketa eperik zabalena izan dela uste dugu”.

“EAJ-k lanerako izan duen prestutasuna” nabarmendu du, eta “pena handiz hartu dugu PSEk ekarpenik ez egitea”.

Halaber, jakitera eman du “EAJ-k aurkeztutako proposamenen %95 hirigintzari lotutakoak direla. Proposatutako %95ak ere gure Aurrekontuetan jada isla zuten”.

“Diru partida batzuk handitu dira, kirol-elkarteen laguntzena esaterako”. Horiengatik, EH Bilduk “EAJren aldeko bozkak” espero zituen.

PSEk osoko zuzenketak aurkeztu ditu, eta bere hitzetan Aurrekontu proposamenak “ez negoziatzeko” izan dira.

“Batzordeetan ez duzue gure proposamenak aurkezteko eta gu ados ez geudenekin erretiratzeko aukerarik eman”.

Joana Sanchezen hitzetan “soilik OSMAko eta Pertsonaleko zinegotziak aukera eman digu maila pertsonalean”.

Gogorarazi duenez “aurreko legealdian Batzordeetan Aurrekontuen proposamena debatitu zen” eta faltan sumatu du “parte-hartze prozesuetarako partidak”.

Joana Sanchez zinegotziak azaldu du, ezetz bozkatzeko beste arrazoi bat izan dela, 6 milioiko igoeratik “milioi 1 udal-tasen eta zergen ondoriozkoa dela“. Igoera hori “ez da justifikatuta”.

Bere hitzetan, %15eko igoera hori barik Arrasateko “diru-sarrerak nahikoak ziren biztanleen beharrak asetzeko 2024an”.

Ildo horretan adierazi du “partida batzuek ez dagozkiela biztanleen benetako beharrei”. “Guk auzoetan 20 behar antzeman ditugu, Aurrekontuen gastuetan aurreikusten ez direnak”.

“Beste partida batzuk neurriz kanpoko gastuak dituzte, bai inbertsio propioei dagokienez, baita beste entitate batzuekiko transferentzietan ere”.

EAJ-PNVek adierazi du Aurrekontuen proposamenari “buelta asko eman dizkiogula, ez azaroaren 22tik, azaroaren 2tik baizik”.

Agurne Juldain zinegotziak adierazi du egun horretan “Bozeramaileen Batzordean alkateak komentatu zuen helburua ‘abstentzioa’ lortzea zela”.

“Nik neuk esan nizun ezetz, jarrera adostasun batera heltzea izan behar zela”. Hala ere, EAJ-PNVek ez du Aurrekontu proposamena onartu, bere proposamenen %95 Udal-gobernuak onartu dituen arren.

EAJ-PNVek aurkeztutako 20 emendakinetatik Udal-gobernuarekin 15 “adostu” direla azaldu du Ogasun zinegotziak, EH Bilduko Joseba Ezpeleta.

Mondraberriri azaldu dio 15 horietatik batzuk “aurrerago gauzatzeko direla” eta besteak “ez direla udal-konpetentziakoak”.

Halaber, “udal-konpetentziakoak diren horiek jada bideratuta daude etorkizunera begira, hau da, konprometituta zeuden”.

Beste 5ak “ezin izan ditugu guztiz lortu” adierazi du EAJ-PNVko Agurne Juldainek, “ez behintzat guk planteatu genituen bezala”.

Alderdiak aipatu du Udal-gobernuak abenduaren 12an egindako prentsaurrekoa. Horren harira, udal-ordezkariek adierazi zuten, aurreko Udal-gobernuaren lanari buruz, “Kirolean, esaterako, ez zegoela Iturripeko proiektua egina”.

Agurne Juldainek gaur adierazi duenez, Udal-gobernuak prentsaurrekoan adierazi zuen, kirol-azpiegituren harira, “ez dagoela ezer eginda, ezta sikiera bi lerro”.

Aipatu du horren harira “2021ean prozesu parte-hartzaile bat hasi zela, eta lanketa asko egin dela”. Horregatik, gehitu du Udal-gobernuaren prentsaurrekoaren zati batek EAJ-PNV “mindu duela” eta “konfiantza ukitu duela”.

Agurne Juldainek adierazi duenez “ezin izan da adostasun bat lortu”. Aurrekontu proposamenaren bozketari dagokionez, bozketaren emaitzak hauek izan dira:

  • Aldeko bozkak: 11 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
  • Aurkako bozkak: 8 (EAJ-PNV eta PSE)

Udalak jakitera eman du “espedientea jendaurrean erakutsiko” duela, “interesdunek aztertu dezaten eta bidezkotzat jotako erreklamazioak aurkeztu ditzaten, 15 egun balioduneko epean, jendaurrean erakusteko, iragarkia argitaratzen denetik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen