Gainera, elkarte arrasatearrak migratutako familiaren estresaren inguruko txostena egin du, baita proposamenak egin ere. Halaber, harrerako webgunea sortu dute, eta hiru ekimenak aurkeztu berri dituzte Kulturaten.
Argazkia: Ekin Emakumeak.
Arrasateko Ekin Emakumeak Elkarteak, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Ekai Center Taldeak, elkarlanean, dirulaguntza bat jaso zuten 2022an, Europako Next Generation Funtsaren kontura, migratutako familien estresari aurre egiteko tresnak sortzeko.
Elkarlan honi esker, eta elkarte arrasatearrak ematen duen Arrasateko Udalaren Harrera Zerbitzuaren urteetako esperientzian oinarrituz, hiru lan tresna sortu ditu.
Izan ere, Ekin Emakumeak arduratzen dira Arrasatera datozen etorkinei harrera emateaz. Horretan urteetako esperientzia zabala eta sakona pilatu du. Bide horretan sortu dituen informazio, baliabide, tresna eta arazo ezberdinen ebazpenerako bideak ondo bilduta izan ditu urteetan.
Informazio hau guztia Asmoz Fundazioa eta Ekai Center fundazioarekin elkarlanean sailkatu, digitalizatu eta analizatu egin da, hain zuzen, aurrerantzean ere Ekinera bertaratuko diren migratuei erantzun egokia ematea automatizatzeko helburuarekin. Horrela, erantzun zehatzago eta azkarragoak eman ahal izango dituelako eta denbora gehituko diolako zerbitzuaren hobekuntzari.
Bigarren tresna da, elkartearen esperientzian oinarrituta, migratutako familiaren estresa definitu eta Arrasatera egokitu daitezkeen praktika onak Europan bilatu eta aztertuaz sortutako proposamen txostena.
Txosten hau kontrastatua izan da Arrasaten prozesu migratorioa bizi izan duten eta zuzenean pertsona hauekin lan egiten duten eragile ezberdinekin. Kontraste honen bidez egindako ekarpenak eta landutako ikuspuntuetan oinarrituta, Arrasateko familia migratuen estresa ekiditeko helburuarekin, aurrerantzean egin daitezkeen hainbat ekintza, elkarlan eta egitasmo proposatu dira.
Azkenik, Ekinek metaturiko esperientzia eta ezagutza tresna digital baten bidez edonoren esku jarri ahal izateko webgunea sortu da. Arrasatera etorri berri den pertsona bakoitzak egin behar duen bidea aurkeztu eta erraztuko duena eta bakoitzaren beharretara egokituriko informazioa luzatuko duena.
Tresna hau, Arrasate ezagutzen ez duten pertsonez gain, elkarte, zerbitzu zein erabileentzat erabilgarria izango da. Aurreko asteazkenean, azaroaren 22an, hauek guztiak aurkeztu zituzten, eta bertaratutakoen artean hausnarketa txiki bat egin zen, Kulturaten.
Aurrerantzean norabide bateratuak identifikatu eta eragile sozial zein administratiboen erronkak partekatzea izan zen ekitaldiaren azken zatiaren helburua, guztiok batera Arrasate inklusiboago bat sortzeko.




