Azaroaren 30eko grebarako lanketa egin da Arrasateko Institutuan

0
1110

Bertako Ikasle Abertzaleek bilera informatiboak, hitzaldiak eta tailerrak egin dituzte, eta ildo berean, Deba Bailarako Itaiak Arrasaten lan-eguna eta bilera informatiboa antolatu ditu. Mugimendu honek salatzen du egungo “zaintza-lanek bazterketa ekonomikora eta sozialera daramatela emakume langilea”, eta horren aurka, azaroaren 30ean Donostiako manifestazioan parte hartzera dei egiten du.

Argazkia: Debagoieneko Ikasle Abertzaleak.

10 egun baino gutxiago falta dira zaintza eskubide kolektiboaren aldeko grebarako, eta Arrasaten eragile ezberdinak antolaketa-lanean dabiltza.

Ikasle Abertzaleek, esaterako, bilera informatiboak egin dituzte Arrasateko Institutuan, Emakume Lan Taldeen bitartez. Bilera hauen helburua da “Mugimendu Sozialistak greba egun honi ematen dion zentzua hein batean lantzea”.

Ikasle-erakunde honek ere tailerrak eta hitzaldiak antolatu ditu, eta emakumeek bertan parte hartu dute.

Ildo berean, Deba Bailarako Itaiak, ikasle-antolakundearekin elkarlanean, grebara begirako lan-eguna eta bilera informatiboa antolatuak ditu. Bailarako beste herri batzuetan ere antolakuntzan dihardute.

Izan ere, Itaiak salatu bezala “emakume langileon lan- eta bizi-baldintzak nabarmen ari dira okerrera egiten azken urteetan”.

“Beraz, borrokak aurrera eramatea eta, horien artean, greba eguna bera, gure proposamen politikoa mahai gaineratzeko momentu oso garrantzitsua dela uste dugu”.

“Horregatik, gure aldarrikapen nagusia da guztiok kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berberak eskuratzea. Klaseetan banatutako gizarte honek sortzen duen desoreka sozialarekin eta ekonomikoarekin amaitzea baita gure helburua”.

Bide honetan “emakume langileon zapalkuntzarekin amaitu ahal izateko, uste dugu beharrezkoa dela, batetik, soldata berdintasuna gauzatzea; hau da, lan guztiek aitortza sozial bera izatea, eta gaur egun lanen artean dagoen hierarkizazioarekin amaitzea”.

“Besteak beste, zaintza-lanek industrian egiten den lanaren aitortza soizal bera edukitzea izango litzateke hori. Bestetik, zaintza lanen sozializazioa ere ezinbestekoa dela uste dugu”.

Izan ere, “argi dugu zaintza-lanek bazterketa ekonomikora eta sozialera daramatela emakume langilea eta, beraz, ezinbestekoa dela zaintza-lanen ardura gizarte osoaren gain jaustea”.

Ildo honetan, dei egiten dute azaroaren 30ean Gipuzkoa mailako manifestazioan parte hartzera, Donostiako Boulevardean eguerdiko 13:00etan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen