AEDk 40. urteurrenerako egitaraua antolatu du, kultura eta jaia ardatz

0
1047

Beheko testua: Arrasate Euskaldun Dezagun

Ekainaren 1ean abiarazi genuen AEDren 40. urteurrenaren egitaraua “AED, 40 urte Arrasate euskalduntzen” erakusketaren irekierarekin. Eta, orain, udazkenarekin, kultura eta jaia ardatz izango dituen egitaraua plazaratzera gatoz, badugulako zer ospatu!

Lau hitzordu izango dira, zehazki:

  • URRIA.

Urriaren 22an, AEDren enkarguz, Maria Oses arrasatearrak idatzi duen “Ni eta nitarrak” bakarrizketa estreinatuko dugu Juan Arzamendi Musika Etxea Auditoriumean, 19:30ean. Arrakasta helburu duen jendarte honetan txarto moldatzen den pertsonaia bat sortu du Osesek AEDrentzat. Arrakasta ezaren aurrean, mediokritatearen xarma deskubritu eta hartaz gozatzen ikasten ari dena, eta Iholdi Beristain aktore ezagunak gorpuztuko du taula gainean. Estreinaldia Arrasaten egin eta gero, Euskal Herrian zehar eskainiko dugu antzezlana. Sarrerak salgai daude honezkero, 7€tan, Arrasateko Udalaren webgunean.
www.arrasate.eus

  • AZAROA.

Azarorako hiru proposamen dakartzagu, puntako sortzaileak lagun gozatzeko, hausnartzeko eta formatzeko parada emango diguten hiru kultur proposamen.

1.- Azaroaren 3an, LITERATURA EMANALDI MUSIKATUA ekarriko dugu JAMEra, Goienarekin lankidetzan. Literatura eta musika uztartuko dituen emanaldi honetan, Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek, Anne Etchegoyen abeslariak, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat kazetari eta musikariak parte hartuko dute. Sarrerak salgai daude honezkero AEDko bazkideentzat eta Goienakideentzat 7€tan. Urriaren 20tik aurrera edonork erosi ahal izango ditu, 10€tan. Emanaldia 19:30ean hasiko da.

2.- Azaroaren 8a gogoetari eskainiko diogu, Kulturateko areto nagusian eta 19:00etatik aurrera egingo dugun proiekzio eta solasaldiarekin.

Lanartea, Euskararen langile profesionalen elkarteak ekoiztutako “Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte” dokumentala ikusiko dugu lehenik. Ikus-entzunezko horretan, zazpi sortzaile euskaldun eta gazte etorkizunean profesionalki artista edo sortzaile izateko aukeren inguruan hausnartzen jarri ditu elkarteak.

Euren testigantzek bide emango digute, proiekzioaren ostean, euskal sortzaileen egoeraz eta lan baldintzez gogoeta egiteko, Eneko Barberenak gidatuta, Lanartea elkarteko Amagoia Gurrutxagarekin eta dokumentalean mintzo den Oihana Aranarekin batera.

3.- Azaroko egitarauari kantagintzarekin emango diogu bukaera, Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak eskainiko diguten “Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?” hitzaldi-musikatuarekin. Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imaginarioan? Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Galdera horiei guztiei erantzuten saiatuko gara zuzeneko musika lagun.

Saioa azaroaren 23an izango da, Kulturolan, Udal euskaltegiaren aretoan, 19:00etan. Sarrera doan eta irekia izango den arren, aurrez izena ematea komeni da, aforo mugak tarteko. Horretarako, aed@aedelkartea.eus

  • ABENDUA.

Urteurreneko ekitaldiei ospakizun giroan emango diegu bukaera, abenduaren 2an egingo dugun Azken jaian. Egitarau zehatza aurrerago iragarriko dugun arren, aurreratu dezakegu goizetik gauera egongo dela zer gozatu. Tartean, baba-jana Uarkape frontoian, umorez eta musikaz borobilduta.

AEDk antolatutako ekintza horiez gainera, aipatu behar da Euskaltzaleen Topagunearen 3. Kongresua ere Arrasaten egingo dela, azaroaren 18an eta JAMEn hain justu. AEDrentzat ohorea da euskara elkarteen mugimenduaren hurrengo urteetarako bide-orria zehaztuko den Kongresua herrian hartzea, zer eta elkartearen 40. urteurrenean.

Bukatzeko, eskerrak eman Arrasateko Udalari ekintza hauek antolatu ahal izateko emandako laguntza ekonomiko eta logistikoagatik.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen