Santa Marinan bolo-boloa, erraldoien kalejira, txokolate-jana, pintxo-potea, banderen igoera, Sin + Music taldearen kontzertua,… ospatu dira. Aipatzekoa da Sanbamaña koadrilak gogoan izan duela iaz zendutako Manoli Santiago arrasatearra.

Martxan daude auzoko jaiak dagoeneko, Santa Marinako bandera eta ikurrina igo ondoren. Bertako ekitaldi estimatuenetako bat bolo-boloa da eta ekitaldi hau Agerre plazan ospatu da.
Auzo-alkatea Matilde Martinek eta Aritz Murua zinegotziak gozokiak banatu dizkiete haurrei, DJ Iver-ek lagundurik.

Ordu berean Arrasateko Erraldoien Konpartsa eta Arrasateko Gaitariak kalerik kale ibili dira, kalejiraren tradizioa gaurkotuz.

Gainera, edateko txokolatea banatu zaie Agerre plazara bertaratu diren pertsonei, eta lan horretan aritu diren zenbait lagunek auzoaren eta bertako jaien alde topa egin dute.

Bertatik gertu, Sin + Music taldeak kontzertua eman du formatu akustikoan, eta Iñaki, Patxi, ‘Txapel’ eta ‘Pol’ek bertsio estimatuak plazaratu dituzte.

Aipatu behar da ere Sambamañako koadrilak gogoan izan duela iazko abenduan hil zen Manoli Santiago Vega herrikidea. Horregatik, bozgorailu mugikorrean, LGTBIQ+ banderarekin batera, bere argazki bat eta ondoko mezuak jarri dituzte: “Beti gurekin, aurrera Bolie!!”.

Gaur gauean DJ Iver J&T disko mugikorrarekin gozatzeko aukera izango da Agerre plazan, Erik Martin arrasatearrarekin batera, 22:00etatik aurrera.
Ondo pasau!




