Udal-brigadak aurten ere Antoñako akazia bat moztu du, eta baloratu duenez azken urteetan Herriko plazako igoera “ondo egin da, izan ere, gazteak ondo antolatu dira. Hortxe dago gakoa”.
Makalen faltan, Udal-brigadak Antoñako akazia zuzen bat moztu du, eta enborraren zati nagusiena zuritu du.
Beraz, Sanjoanetako zuhaitza prest da biharko, ekainaren 23ko ‘makalaren’ kalejira eta igoererako.
Udal-brigadako zuzendariak, Xabier Herrartek azaldu digu zuhaitzak “310 kilo inguruko pisatzen dituela eta 22 metro luze dela”.
Herriko plazako ekitaldiari dagokionez, azaldu digu sokari eusten edota tiraka, soka bakoitzean “20 gazte ariko direla. Era berean, bideratzeko balio duen beste soka bateko bi puntetan 12na gazte izango dira”.
Beraz, “printzipioz 64 neska-mutil ariko dira zuhaitza altxatzen”. Eurekin batera “Udal-brigadako 4 lagun inguru arituko gara eta Kultura Saileko beste zenbaitekin”.
Azken urteetan Sanjoanetako zuhaitzak “behar bezala igo dira, gazteak ondo antolatu direlako. Hortxe dago gakoa”.
Beraz, “koadrilek horrela jarrai dezatela, nire aldetik ez dago kexarik. Gazteek astiro-astiro egin dute tira, maniobra behar bezala eginez, eta ondo altxatu da”.
Erlazionatutako albistea:
Koadrilek eta udal-langileek San Joan zuhaitza altxatu dute plazan [argazki galeria eta bideoak]
2022ko ekainaren 23an argitaratutako albistea




