‘Zatoz Euskaraz Udalera’ kanpaina abian da “hauteskundeetan euskarak irabaz dezan”

0
704

Beheko testua eta bideoa: Debagoieneko udalak eta Mankomunitatea.

Debagoieneko Udalek eta Mankomunitateak sustatu duten kanpainaren helburua da alderdi politikoak sentsibilizatzea hautagai euskaldunen aldeko apustua egin dezaten. Kanpaina honek, alderdi politikoez gain, herritarrengan ere eragin nahi du, hauteskundeetan egiten duten hautuan hausnarketa kontzientea egin dezaten, haien esku ere badagoelako euskarak irabaztea. EITBko kazetari eta albistegietako aurkezle Nerea Reparaz da kanpainaren protagonista nagusia. Apirilaren 26an abiatu da kanpaina, sare sozialetan bideoaren hedapenarekin.

Azken 30 urteotan, udal-administrazioetan ahalegin handia egin da euskararen erabilera sustatzeko, eta, gaur egun, Debagoieneko udal zerbitzuetan euskara da zerbitzu eta lan hizkuntza. Ia Langile guztiek dute euskaraz lan-egiteko gaitasuna, eta herritarrekin harremana duten langile guztiek dakite euskaraz. Zinegotzien kasuan ere, funtzio publikoa betetzen duten neurrian, eta herritarrekin harremana duten heinean, euskararen ezagutza ezinbestekoa da.

Hala, udaletan azken urteotan egin den ahaleginari eusteko eta euskararen normalizazioan pauso berriak emateko, ezinbestekoa da udal hauteskundeetako zerrendetako ordezkariak euskaldunak izatea, edo gutxienez euskaraz ulertzea, udaletako funtzionamendua euskaraz baita. Horren berri ematea eta, oro har, alderdiak eta, bereziki, gizartea euskararen erabileraren inguruan sentsibilizatzea dira kanpaina berriaren helburuak.

Izan ere, herritarrek hauteskundeetan egiten duten hausnarketan eragin nahi da, eta fokua haiengan ere jarri; azken batean, herritarren esku dago bozka zein alderdik jasoko duen, eta garrantzitsua da euskara ere irizpide izatea. Bereziki horretan jarri nahi du indarra kanpainak.

“Zatoz Euskaraz Udalera” kanpaina

Kanpaina sareetara bideratuko dute Debagoieneko Mankomunitateak eta udalek. Nerea Reparaz ETBko albistegietako kazetariaren parte-hartzearekin egin da kanpainaren pieza nagusia. ETBko albistegietako aurpegi ezaguna da Reparaz, gaur egun aurpegi erreferentea euskal kazetaritzan. Kanpainaren azken mezua argi eta garbi azaltzen du protagonistak: Debagoienak hautagai euskaldunak behar ditu, eta herritarrek dute gakoa. Kanpaina apirilaren 26an abiatu da, sare sozialetan bideoaren hedapenarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen