Goienagusik antolatuta, Anjel Lertxundi Esnal idazleak ‘Oteiza eta Txillida. Herri baten bidegurutzean’ hitzaldia eman du Kulturateko areto nagusian. Berarekin izan da Alex Gurrutxaga musikari eta idazlea. Gurrutxaga EHUko irakaslea da, Literaturan doktorea eta euskal literaturan aditua. Gainera, Arrasateko Bibliotekako Literatur Solasaldiekin kolaboratzen du.

Anjel Lertxundi, berriz, aski ezaguna da. Idazleak Filosofian lizentziatua da eta urte askotan irakaslea Zarautzko ikastolan eta Donostiako Magisteritza Eskolan. Idazle, gidoilari eta kazetari, tebistarako eta zinerako egin du lan eta euskarazko zein gaztelaniazko hainbat egunkaritan kolaboratu. Euskal Idazleen Elkartearen sortzaile eta estraineko lehendakari izana, eta Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzaina. Literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe.

Gaurko hitzaldian, ‘Chillida eta Oteiza: herri baten bidegurutzean’ izenburupean, Oteiza eta Chillida artista eta eskultore euskaldunen ibilbideaz hitz egin du, eta biek euskal kulturari egindako ekarpenez.
Anjel Lertxundik azaldu duenez, “gerraren amaiera deskalabru sozial eta espirituala izan zen euskal gizartearen bazter guztietan, baina 1960ko hamarkadan funtsezko aldaketa gertatu zen euskal historian eta kulturan: ataka politiko-kultural baten bidegurutzean, nahiz eta oso ilun ikusten zen etorkizun librerako aukera, berpizkunde handia ezagutu zuten industria eta ekonomia, politika, aktibismo herrikoia, ETAren iraultzaren aldeko aldarria, kultura eta artea, euskara batua, ikastolak eta argitaletxe berriak, eta nola ez euskal kantagintza.”
“Chillidak eta Oteizak euskararekiko, euskal munduarekiko eta euskarazko kulturarekiko interesa agertu zuten arren, haien ikuspegi estetikoan eta obretan beste leku batzuetatik, hala nola Hegoamerikatik eta greziar artetik, zetozen hainbat elementu etniko eta ikonografiko txertatu zituztela” azpimarratu du. Lertxundik azaldu duenez, “euskara izango zen txikia, apala, txiroa, baina, ez zen lotsatzekoa. Euskarak interesa sortzen zuen estetikoki, eta orduko hartan, euskara Oteizaren apostoluak baino abandonatuago zegoenean historiaren errepide-bazterrean, iparrorratza modernitateari begira jarri behar genuela esaten zigun artista haien lanak. Oteiza eta Txillida gabe, oso bestelakoa izango zen, zentzu askotan, 60ko hamarralditik Trantsizioa bitarteko garaia euskal kulturarentzat.”




