Arrasateko erakusleihoak Gabon giroan murgiltzeko lehiaketa abiatuko da abenduaren 11n

0
1494

Arrasateko Udalak Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du beste urte batez, herriko kaleak jai-giroz betetzeko eta tokiko merkataritza sustatzeko.

Herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduek abenduaren 1etik 9ra bitartean eman ahal izango dute izena, BAZen edo udalaren webgunearen bidez. Erakusleihoak abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dira apainduta. Parte-hartzaileek euskararen erabilera bermatu, diskriminaziorik ez egin eta establezimenduko salgaiak ikusgai jarri beharko dituzte.

Epaimahaiak lau sari nagusi banatuko ditu: 1.000, 700, 600 eta 500 eurokoak. Horrez gain, 200 euroko lau aipamen berezi emango ditu. Originaltasuna, irudimena, Gabonetako giroa eta erakusleihoaren lanketa hartuko dituzte kontuan saridunak aukeratzeko.

Herritarrek ere erakusleiho gustukoena aukeratu ahal izango dute abenduaren 11tik 17ra bitarteko online bozketan. Irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta botoa ematen dutenen artean 120 euroko hamar bono zozkatuko dira.

Bestalde, 16 urtera arteko haur eta gazteek ere euren bozketa izango dute. Kasu horretan, irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta parte-hartzaileen artean 50 euroko bost bono zozkatuko dira.

Bi bozketak udalaren webgunearen bidez egingo dira, eta pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du. Establezimendu bakoitzak sari bakarra jaso ahal izango du.

Sari banaketa abenduaren 21ean egingo da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen