Sarrerak bihar, urriaren 25ean jarriko ditu salgai, abenduaren 14ko funtziorako. Piotr Ilich Chaikovskik idatzitako obra balletaren klasiko garrantzitsuenetarikoa da. Ozenkik eta Ibai-Artek animatzen dute “Gabon hauetan, Intxaur-hauskailuaren magia Arrasaten bizitzera”.
Bideoa: TS Producciones / Argazkia: Ópera 2001.
Arrasateko elkarte lirikoak orain arte operak eta gala lirikoak antolatu izan ditu bertan. Aurten, ordea, balleta izango da gozagai.
Emanaldia Ópera 2001 ekoiztetxeak produzituko du, eta Tatiana Soloieva Nazioarteko Ballet Klasikoak taularatuko, Andréi Sharayev zuzendari. Eszenografia Eugeny Gurenko-ren ardura da.
Ballet honek “ikus-entzulea bideratzen du jostailu bizidunen ipuinera, eta Gabonetako gau bat abentura bihurtzen da”.
Ikuskizun hau aproposa da “bai obra ezagutzen duten pertsonentzat, baita genero honetara lehendabizikoz hurbiltzen direnei ere”.
Arrasateko funtzioa konpainiak estatu espainiarrean egingo duen biraren geralekuetako bat da, Madrilgo Gran Vía-ko Teatro Capitol-en otsailean ere eskainiko duelarik.
Ozenkik proposamen honen bitartez “Arrasateko eta gertuko udalerrietako publikoa balletarekin gozatzera gonbidatzen du”.
Horretarako elkarte lirikoa eta Ibai-Arte elkarlanean ariko dira ikuskizun hau tokiko komertzioko bezeroei hurbiltzeko.
Horrela, komertzioen elkarteak bere bezeroen artean sarrerak zozkatuko ditu ‘Intxaur-hauskailua’rekin gozatu dezaten, Gabonen inguruan.
Funtzioa abenduaren 14an arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta “aukera bat da antzerki gau bat erreserbatzeko, kultura oparitzeko eta ‘Intxaur-hauskailua’ren magiarekin amain emateko”.
Sarrera bakoitzaren prezioa 30 eurokoa izango da, eta lau tokitan egongo dira erosgai:
Kutxabank-en bitartez, Amaia Antzokiko txartel-leihatilan, udal-webgnean eta Altuna Lurrindegian. Halaber, ozenkielkartea@hotmail.es emailean eskatu ahalko dira.




