Ibai-Artek zirkuaren magiarekin eta eliteko gospelarekin amaituko du urtea

0
1893

Irudiak eta beheko testua: Ibai-Arte.

Urtea amaitzeko programazio berezia antolatu du Ibai-Artek, eta familia-zirku ibiltaria, haurrentzako tailerrak eta gospel musika garaikidearen emozioa uztartzen dituzten bi egun bizi nabarmentzen dira. Jarduera hauen helburu nagusia hirigunea dinamizatzea eta jendea kaleetara erakartzea da, Gabonetan funtsezkoa den une honetan tokiko ekonomia bultzatzeko. Ekintza hauek familiek gozatu dezaten, kaleetan denbora pasa dezaten eta bide batez, erosketak etxean egiteko aprobetxa dezaten antolatu dira. Tokiko kontsumoa da bizirik mantentzen gaituen motorra, eta jarduera hauek dira gure bezeroen leialtasuna eskertzeko eta bisitari berriak erakartzeko modurik onena. Programazio hau abenduaren 29an eta 30ean izango da, publiko guztiei zuzendutako jarduerekin.

Abenduak 29, 19.00etan, Biteritik hasita: “Karrusel ibiltaria” ikuskizunaren magia

Abenduaren 29ko jardunaldia 19:00etan hasiko da “Karrusel ibiltaria” kale ikuskizunarekin. Tiritirantes Circo Teatro konpainiaren kaleko zirku eta antzerki ekoizpena da, eta ikusleak esperientzia magiko batean murgilduko dituela hitzematen du.

Trampoli anai-arrebak protagonista dituen ikuskizunak aspaldiko zaldiko-maldikoa aurkezten du. Lehen begiratuan, karruselak zaharra dirudi, baina publikoak laster ikusiko du bere “aparteko sekretua”: zalditxoek bizia hartuko dute, beren postuetatik jaitsi eta zuzenean elkarreragingo dute ikusleekin, fantasia eta mugimendua sortuz. Ikuskizun familiarra eta ibiltaria da.

Abenduak 30: Tailerrak eta “Gospel Revolution” taldearen eskutik gospela

Abenduaren 30ean bi hitzordu izango dira:

Goizean, goizeko 12.00etatik aurrera, etxeko txikienek euren sormena praktikan jartzeko aukera izango dute, Txatxilipurdiren eskutik Gabonetako txapak, pegatinak eta apaingarriak egiteko tailerrean parte hartuz. Goizaz gozatzeko, nahikoa da Sebero Altube plazan jarrita dagoen karpara hurbiltzea.

Arratsaldean, gospel musikak hartuko du protagonismoa, 19:00etan, Gospel Revolution taldeak Herriko Plazan eskainiko duen emanaldiarekin. Kontzertua irekia izango da eta emozioa, energia eta eszenaratze zaindua eskainiko ditu.

Gospel Revolution gaur egungo gospel panoramako talde aipagarrienetako bat da. Santanderren sortu zen taldea, eta generoaren errebelazio gisa finkatu da. Kontzertu eta emanaldi ugari eman ditu hainbat herrialdetan. Bere proposamen musikalak egungo soinuak gospel tradizionalaren esentziarekin fusionatzen ditu, publikoa estilo honen sustrairik puruenetara eramanez.

Indar eszenikoagatik eta era guztietako publikoekin konektatzeko gaitasunagatik nabarmentzen da ikuskizuna. Bere ibilbidean zehar, Gospel Revolutionek lehen mailako artistekin partekatu du eszenatokia, hala nola Paco Arrojo, Olana Lis edo Manuel Carrascorekin, eta horrela proiektuaren kalitatea eta proiekzioa babestu ditu. Pedro Monteroren zuzendaritzapean, elkarren artean erabat ezberdinak diren hamar ahotsek osatzen dute taldea, lau ahots taldetan antolatuta, harmonia handiz enpastatu eta gospelaren potentzia eta edertasun guztia erakusten dutenak.

Emaitza ikuskizun zirraragarria da, emozioz eta energiaz betea, inor axolagabe uzten ez duena. Abenduaren 30eko emanaldia aukera bikaina da zuzeneko musikaz gozatzeko, inguru hurbil eta jai-giroan, eta kultur hitzordu nabarmena da Gabonetako programazioaren barruan.

Publikoari gonbita egiten zaio urteari agur esateko goi mailako proposamen hauek ikustera eta gozatzera.

Ibai-Artek antolatu du ekimena, Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren laguntzarekin.

*Ibai-Arteko bazkide ez bazara baina elkartearen edozein ekimenetan parte hartu nahi baduzu, deitu 688734149 telefonora.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen