Eguerdi aldera 50 Gabonetako otarrak banatu ditu merkatari elkarteak, eta ondoren, Nerea Gorostidi arrasatearra buru duen Blue Cats Band taldeak kontzertua eskaini du.
Gaur, abenduak 20, Herriko Plazan Ibai-Artekk antolatutako Gabonetako kanpainaren barruan, bi ekitaldi nagusik bildu dituzte herritarrak: Gabonetako 50 otarren banaketa eta Blue Cats Band taldearen emanaldia.
Fideltasuna saritzeko 50 otar
Goizeko 13:30ean hasi da Gabonetako saskien banaketa ekitaldia. Abenduaren 1etik 15era bitartean tokiko merkataritzan erosketak egin dituzten bezeroen fideltasuna saritu nahi izan du Ibai-Artek. Guztira 50 otar handi banatu dira: 40 Arrasate Txartela erabili duten bezeroen artean zozketatu dira, eta beste hamarrak, erosketa-tiketen argazkia WhatsApp bidez bidali zutenen artean.
Ekimen honek, Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren zein Aldundiaren babesarekin, tokiko ekonomia indartzea eta Gabonetako erosketak herrian bertan egitea sustatu nahi du.
Nerea Gorostidi, etxean eta dotore
Sari banaketaren ostean, musikak hartu du lekukoa. Arrasate Blues zikloaren barruan, Blue Cats Band talde donostiarrak girotu du eguerdi eguzkitsua. Plazan bildutakoek Bossa Nova, jazz sonoritateak eta pop eraginak uztartzen dituen emanaldi fresko eta argitsuaz gozatu ahal izan dute. Gorostidirekin batera, Vicky Keys (pianoa), Javier Lera (perkusioa) eta Jorge Kaibide (baxua) aritu dira.
Kanpainak aurrera darrai
Gaurko ekitaldiak amaituta ere, Ibai-Arteren Gabonetako kanpainak martxan jarraituko du urtarrilaren 5era arte. Elkarteak gogorarazi nahi du helburua kaleak bizirik mantentzea dela, kultura eta merkataritza uztartuz.










