Eskubaloia, areto futbola eta errugbia asteburuan Arrasaten [kirol prebia]

0
1663

Gaur arrataldean, esku pilotako B Serieko ligaxkako lehen neurketa jokatuko da Uarkapen. Norgehiagokan arituko dira Murua-Gabirondo eta Rekalde-Bikuña bikoteak.

Ondoren, gaur bertan, hasiko dira taldeen asteburuko norgehiagokak Arrasaten. Arrasate Eskubaloik etxean jokatuko du Munttarperen aurka, 20:30ean Iturripen. Bi taldeak sailkapen erdialdean daude eta garaipenak aurkari zuzena atzean uzteko balioko luke. Neurketa garrantzitsua dute Ane Herreroren mutilentzat, etxean indartsu jarraitzeko.

Larunbatean, Bergaran izango da lehen hitzordua. Mondrako mutilek derbia jokatuko dute Bergararen aurka, 16:30ean Agorrosinen. Bi puntuko alde txikia dago bien artean eta Mondrak aukera paregabea izango du sailkapenean aurretik jartzeko.

Rugbian, Kanpanzar Arrasate RT Durango Hirumet RT taldea hartuko du Mojategin zapatuan, 16:30ean. Arrasatearrek hasiera bikaina egin dute eta bigarren postuan daude. Zaleen aurrean, Julen Barrutiaren mutilek bolada onari eustea izango dute helburu.

Areto futbolean, Mondratek Jarrilleros taldearekin egingo du topo 17:15ean Musakolako Kiroldegian. Aurreko astean derbia irabazita, bolada onean iritsiko dira arrasatearrak, eta bostgarren sailkatuta dagoen Jarrilleros izango dute aurkari zaleen aurrean.

Mondrako neskek Mutrikura egingo dute bidaia 17:30ean, lehen garaipenaren bila. Ligako lehen puntuak lortzea dute helburu, eta Mutrikuko zelaia eszenatoki zaila izango bada ere, ilusioz joango dira.

Saskibaloian, Smartlog Ointxe Tarragonara mugituko da TGN Basquet taldearen aurka jokatzeko 18:00etan. Azken asteak zailak izan dira arrasatearrentzat, eta ligako azken sailkatuaren aurka jokatzeak aukera eman diezaieke dinamika negatiboa eteteko.

Igandean, goiko postuen arteko neurketa jokatuko da Zarautzen. Mondragon Unibertsitatea bigarren da sailkapenean eta hirugarren dagoen Ulacia ZKEren aurka ariko da 16:00etan. Arrasatearrak bolada onari jarraipena emateko helburuarekin kantxaratuko dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen