Jesus Carrerari buruzko dokumental saritua emango da Egiarekin Topaketetan

0
1614

Topaketak Arrasaten izango ditugu eta ekitaldietako bat irailaren 24an izango da, hain zuzen, ‘Jesus Carrera: Hondarribiko gorria’ dokumentalaren emanaldia. Kulturateko areto nagusian arratsaldeko 18:30ean.

Goiko collagea: Aranzadi / Kartela eta beheko testua: Intxorta 1937.

1945eko urtarrilaren 16an, 33 urte zituela, Alcalá de Henareseko hilerrian fusilatu eta hobi komun batean lurperatu zuten Jesús Carrera Olascoaga hondarribiarra.

2018an haren gorpua bere jaioterrira ekartzea lortu zuten senideek. Ordea, nor zen Jesús Carrera? Zergatik hil zuten? Eta garrantzitsuena, zergatik egon da hirurogeita hamar urte baino gehiago bere oroimena isilarazita?

Galdera horiei zein beste hainbati erantzuna emateko ikerketaren fruitua da “Jesús Carrera: Hondarribiko Gorria” dokumentala, Jesúsen senideek beraiek zein herritarrek ezagutzen ez zuten Espainiako Alderdi Komunistako buru izandakoaren bizitza labur eta zirraragarri baten kontakizuna.

Hain zuzen ere, María Carrera eta Xabi Carrera, gure protagonistaren ilobak izango dira haren osabarekin zer gertatu zen jakin eta euren zauria ixteko beharretik abiatuta, Paco Etxeberria forentseak zuzendutako exhumazio prozesuan barneratu eta euren bizipenak partekatuko dizkigutenak.

Erreferentziazko adituak diren profesionalek, Carreraren biografia zehatza hain testuinguru aldakor eta konplexuan kokatzen lagunduko digute: Sabino Arana Fundazioko Iñaki Goiogana historialaria, Carlos Fernández Espainiako Alderdi Komunistaren historian aditua, Mercedes Yusta Espainiako Historia Garaikideko katedraduna, Manuel Martorell kazetari eta historialari nafarra, Iosu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea, Mertxe Tranche ikertzailea, Aitor Azurki kazetari eta idazlea eta Alfons Quera historialari kataluinarra.

Borroka, itxaropen, miseria eta zapalkuntza urte haietan Carreraren kamarada izan ziren Marcelo Usabiaga, Sixto Agudo, Teresa Harina, Calixto Pérez-Doñoro eta Luis Alberto Quesadaren testigantzek, frontearen lehen lerrora, nazien aurkako erresistentziara, frankismopeko klandestinitatera, torturetara eta fusilamendu pelotoietara eramango gaituzte.

Jesús Carrera hil eta 79 urteren ondoren, frankismopeko garairik latzenean PCE alderdiko Idazkari Nagusia izatera iritsi zen euskal komunista honen historia pertsonal zein politikoa berreraiki eta memoria kolektiboan txertatzeko asmoa duen dokumental historikoa da “Jesús Carrera: Hondarribiko Gorria”.

BIOGRAFIA

Jesús Carrera Olascoagak (Hondarribia, 1911) Espainiako II.en Errepublikaren hastapenetan ekin zion bere ibilbide politikoari. Hogei urterekin UGT (Unión General de Trabajadores) sindikatuko kide egin zen eta handik gutxira Irungo gazte komunisten idazkari politiko bilakatu zen. 1935ean, Euskadiko Partidu Komunista sortu zenean, Donostiara leku aldatu eta Alderdiaren idazkari sindikal gisa eta UGTko bokal lanetan aritu zen.

Gerra zibilak Donostian harrapatu eta hasieratik gerra komisaldegiko kide bezala parte hartu zuen. Erretiradan zetozten tropen antolaketa lanetan aritu ondoren, Gernikan zegoelarik, eusko gudarostearen parte zen Gernikako Arbola batailoiko komandante izendatu zuten. Gerraren noranzkoa jarraituz, Kantabria eta Asturiastik igaro ondoren, Kataluniara iritsi zen. Bertan, alderdiarentzako lanak egiteaz gain, D.E.C.A.-ko (Defensa Especial Contra Aeronaves) soldadu gisa egon zen.

Beste milaka errepublikazalerekin batera, 1939ko Erretirada ezagunaren parte izan zen, Le Perthusetik Frantziarako muga pasatuz. 440.000 exiliatu horientzako sorturiko kontzentrazio esparru ezberdinetatik pasa zen Carrera; Saint Cyprien, Gurs edota Rivesaltesetik alegia. Azken honetatik atera zuten alderdikideek. Jesús Monzón kamaradaren agindupean, Espainiako eta Frantziako PCE-ren bitartekari lanak gauzatzen hasi zen hondarribiarra, estatuan klandestinoki sartuz. Funtzio hori betetzearen ondorioz, Alderdiaren berregituraketa lanetan hasi zen, eta PCEko
idazkari nagusi izendatu zuten.

Sarekada baten ondorio, 1943ko martxoaren 15ean atxilotu zuten, berarekin batera estatu osoan sakabanaturik zeuden zelula ezberdinak erori ziren. Segurtasun Zuzendaritza Nagusian hilabete luzez torturatu ostean, Alcala de Henareseko kartzelan pasa zuen bere azken urtea. Hainbat ihesaldi saiakeraren ostean, azkenik, 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten.

SARIAK

Dokumentalak ondorengo bi sariak irabazi berri ditu:

-”Ikusleen sari berezia 2024” Bidasoaldeko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa (FICAB).
-Bizkaiko Foru Aldundiaren “2024ko Lauaxeta Ikus-entzunezkoen Saria”.

EGILEAK

Ekoizlea: Orreaga Filmak (Joseba Garmendia)
Zuzendari, gidoilari eta muntatzailea: Aitor Baztarrika Oca
Ekoizpen arduraduna: Aitor Baztarrika
Irudia eta soinua: Lander Etxedona, Heidi Otaduy, Telmo Basterretxea, Aitor Baztarrika, Leire Mendizabal, Mikel Muñoz
Diseinua eta animazioa: Antonio Capote (Doloroso Studio)
Kolorista: Ruben Crespo
Soinu postprodukzioa: Iñigo Etxarri – IN Estudioa
Off ahotsa: Iñaki Beraetxe
Azpitituluak: Ane Garcia
Ikerketa eta aholkularitza historikoa: Aitzol Arroyo

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen